Mundua -
Hego Sudan
Obama: 'Indarkeriak Hego Sudanen independentzia arriskuan jartzen du'
2011ko uztailean lortu zuen independentzia Hego Sudango Errepublikak, baina harrezkero, ezegonkortasuna da nagusi herrialdean, eta aste honetan Estatu kolpea ematen saiatu dira.
Erredakzioa
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Hego Sudango Errepublikako agintariei jakinarazi die "indarkeria jarraituak" herrialdea eta independentzia arriskuan jarriko dituela, eta negoziazio "baketsuak" bultzatzeko deia egin die.
Gabonetako oporrak pasatzera Hawaira joan da Obama, eta bertan eman diote herrialde afrikarraren egoeraren berri.
"Gatazka negoziazio baketsuen bidez bakarrik konpondu daiteke. Indar militarra erabiliz boterea lortzeko edozein saiakerak AEBren eta nazioarteko herrialdeen babesa galtzea ekarriko dio Hego Sudani", gaineratu du Obamak
2011ko uztailean lortu zuen independentzia Hego Sudango Errepublikak, baina harrezkero, ezegonkortasuna da nagusi herrialdean, eta aste honetan Estatu kolpea ematen saiatu dira.
Erreboltariek Jonglei estatuan aurrera egin dute, eta bertako hiriburua hartu zuten asteazken gauean. Unidad estatuan, egoera nahasia da oraindik, eta Bentiu hiriburua eta petrolio hobiak noren esku dauden ez dago argi.
Lau soldadu estatubatuar zaurituta
Estatu Batuetako lau soldadu zauritu dira gaur, Jonglei eskualdeko Bor hiriburuan. Bertan zeuden Nazio Batuen Erakundeko langile estatubatuarrak ateratzera zihoazela, euren hegazkina tirokatu dute. Obamak adierazi duenez, zaurituak "egonkor" daude, eta euren lanagatik "estimu handia" diela esan du.
Bestalde, Jonglei eskualdeko Akobo hirian Nazio Batuek Hego Sudanerako duten misioaren egoitza erasotu zuten Lou Nuer erreboltariek duela bi egun. Erasoan, bi kasko urdin indiar eta Dinka klaneko hogei pertsona hil ziren.