Mundua -
Krisi politikoa Turkian
Erdoganek 10 ministro aldatu ditu, ustelkeria eskandalu baten ondorioz
Hain zuzen ere, diru truke etxebizitza publikoak eraikitzeko esleipenak ematen zituen ustelkeria sare bat ikertzen ari da Polizia.
Erredakzioa
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak 10 ministro aldatu ditu (guztira 25 dira), ustelkeria eskandalu baten ondorioz, agintariak berak iragarri duenez. Aldez aurretik, Barne, Ingurumen eta Ekonomia ministroek dimisioa eman zuten.
Hori horrela, Efkan Ala idazkariordeak Muamer Guler Barne ministroaren lekua hartuko du. Ingurumen ministroa Idris Guluce izango da, eta Ekonomiakoa, Nihat Zeybekci.
Egemen Bagis Europar Batasunerako ministroa ere kargutik kendu dute, eta, horren lekuan, Mevlut Çavusoglu AKP alderdiko Justizia alorreko arduraduna jarri du Erdoganek.
Besteak beste, hauek dira gainerako ministro berriak: Bekir Bozdag (Justizia), Aysenur Islam Aile (Gizarte Gaiak) eta Lufti Evan (Garraioa).
Ustelkeria auzia
Poliziak 24 pertsona atxilotu ditu orain arte, tartean bi ministroren seme-alabak. Horren aurrean, Turkiako Gobernuak 70 polizia kargugabetu ditu, horien artean Istanbuleko poliziaburua.
Hain zuzen ere, diru truke etxebizitza publikoak eraikitzeko esleipenak ematen zituen ustelkeria sare bat ikertzen ari da Polizia.