Mundua -

Panamako Kanaleko lanak

Sacyr: 'Kanalari buruzko eskakizunak ez dira inola ere ipuintxoa'

Pedro Alonso Sacyrreko bozeramaileak esan duenez, enpresak Panamako Kanaleko lanetan eragindako gainkostu guztiak kobratzeko egin duen eskaria "oso justifikatuta dago".

Panamako ubidea zabaltzeko lanen irudi bat. Argazkia: Efe.
Panamako ubidea zabaltzeko lanen irudi bat. Argazkia: Efe.
Panamako ubidea zabaltzeko lanen irudi bat. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Alonso Sacyrren, Panamako Kanala handitzeko lanak egiteko ardura duen partzuergoko buru den enpresaren, bozeramaileak Panamako Gobernuari erantzunez esan duenaren arabera, "Gobernuak badaki lanetan egin den guztia beharrezkoa izan dela eta partzuergoaren esku utzi zen proiektuan agertzen ez ziren gauza asko gertatu direla".

Sacyrreko bozeramaileak azaldu duenez, partzuergoak "ez dagozkion" gainkostuen gainean egin dituen eskaera guztiei uko egin dietenez, taldearen altxortegi eta likidezian tentsio handia sortu da eta hori konpondu ezean ezi n dute lanekin aurrera jarraitu.

"Partzuergoak hamarka eskaera egin ditu, oso ondo justifikatuta, eta ez diote batere onartu. Horietakoren bat onartu izan balute, ez zen horrelako finantza tentsiorik egongo", azaldu du Alonsok.

Espainiar enpresaren ordezkariaren hitzetan, jatorrizko proiektua "ez da aldatu", baina "ezusteko hainbat gertakari" izan dira aurrekontuetatik kanpo. Haren ustez, "negoziazio bat ezarri behar da, maila gorenean", lanen esleipena duen partzuergoaren eskariak "banan-banan" aztertzeko.

"Presio neurria"

Bozeramailearen esanetan, lanak bertan behera utziko dituztela iragartzea ez da "presio neurri bat". "Proiektuak likideziarik ez badu, ezingo da lanean jarraitu. Bukatu egin nahi dugu, baina alde bakoitzak bere erantzukizuna onartu behar du", errepikatu du.

Espainiako Gobernuak gai honetan esku hartzeko agertu duen asmoari buruz galdetuta, lanean jarraitzeko eta hirugarren esklusa multzoa jartzeko eginbeharrak bukatzeko laguntza guztiei "ongietorria" egingo dietela adierazi du. Halaber, eztabaida honek Sacyrri kalterik ekarriko ez diola baieztatu du; izan ere, atzerrian kontratuak irabazten jarraitzen du, "lan bakoitza ezberdina baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea