Mundua -

Protestak

17 hildako Egipton, manifestarien eta Poliziaren arteko liskarretan

Halaber, 120 lagun baino gehiago zauritu dira istilu horietan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 17 lagun hil dira eta beste 122 zauritu dira ostiral honetan Egipton, Mohamed Mursiren jarraitzaileen eta Poliziaren artean piztutako istiluetan.

Egiptoko Gobernuak baieztatu duenez, Kairon, Alexandrian, Ismailian eta Fayumen izan dira hildakoak. 'Al Ahram' bertako egunkariaren arabera, azken bi hilabeteotako istilurik larrienak izan dira gaurkoak.

Kairoko liskarretan harriak eta piroteknia lehergailuak jaurtiki dituzte manifestariek, eta Poliziak, berriz, gas negar-eragileak erabili ditu.

Bi aste barru egitekoak diren konstituzio erreferendumaren kontra deitu dituzte gaurko protestak eta, deialdia egin dutenek emandako datuen arabera, 19 dira guztira hildakoak.

Gobernuak Anaia Musulmanak talde terroristatzat hartu zituen abenduan, eta Segurtasun sailaren arabera, erakunde horrek antolatutako protestetan parte hartzen dutenek bost urterainoko kartzela zigorra jaso dezakete. Gainera, mobilizazioen buruek heriotza zigorra ere pairatu dezakete.

Bestalde, mugimendu islamdarraren 120 jarraitzaile atxilotu dituztela baieztatu du Gobernuak. Agintariek leherkariak, molotov koktelak, su-armak eta labanak kendu dizkiete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea