Mundua -
Bilera
Panamako Kanalari buruz arituko dira gaur Ana Pastor eta Martinelli
Ubidea handitzeko proiektuari irtenbide bat bilatzea da Pastoreen eta Martinelliren arteko bileraren helburu nagusia.
Erredakzioa
Ana Pastor Sustapen ministroa, Ricardo Martinelli Panamako presidentearekin batzartuko da gaur, Kanalaren lanen etenaren egoera jorratzeko.
Aurreikusitakoaren arabera, hainbat bilera izango ditu Pastorrek Panaman. Esan bezala, hango presidentearekin hitzordua du, baita proiektuan parte hartu duten hainbat ordezkarirekin ere: Manuel Manrique Sacyrreko presidentearekin eta Panamako Kanaleko Agintaritzako ordezkariekin, besteak beste. Bileretan, Jesus Manuel Gracia Nazioarteko Lankidetzako Estatu idazkaria ere izango da.
Helburua, ubidea handitzeko proiektuari irtenbide bat bilatzea da. Izan ere, Kanaleko Batasuna taldeak (GUPC), Sacyr Vallehermoso espainiarra eta Impregilo italiarra buru dituen partzuergoak Panamako Kanala zabaltzeko lanak bertan behera uzteko asmoa du, sortu diren gainkostuak direla eta.
Ostiralean iragarri zuen Martinellik, Ana Pastorrekin bilduko zela. Aurretik, Jesus Silva Espainiako enbaxadorearekin eta Massimo Tudini Italiako enbaxadako negozio arduradunarekin "lagunarteko" bilera izan zuen.
Orduan ere, irtenbide bat bilatzen saiatu ziren, eta argi utzi zuten gai honek konponbidea duela. Ordu eta erdi inguru egon ziren hizketan, Panamako La Prensa egunkariak jakinarazi zuenez.