Mundua -
Erasoa Pakistanen
17 soldadu hil eta 25 zauritu dira Pakistanen izandako eraso batean
Urrutiko kontrol bidez aktibatu dute leherkaria, eta Pakistan ekialdean egin du eztanda, konboi militar bat igarotzen ari zela. TTP mugimendu talibanak aitortu du egiletza.
Erredakzioa
Gutxienez 17 soldadu hil eta 25 zauritu dira Pakistan ekialdeko Khyber Pakhtunkhwa eskualdean, konboi militar bat igarotzen ari zela, bonba batek eztanda eginda.
Bannu distrituan izan da erasoa, konboia Iparraldeko Waziristan zonalde tribalera zihoala. Hainbat talde armatu daude Afganistanekin muga egiten duen eskualde horretan, eta matxinaden aurkako babes militarra eskaini behar zuten soldaduek
Segurtasun indarrek leherketa gertatu den ingurua sokaz hesitu dute. Lekukoen arabera, eztanda hainbat kilometrotara ere entzun da.
Urrutiko kontrol bidez aktibatu dute leherkaria TTP Tehrik-i-Taliban Pakistan mugimendu taliban pakistandarreko kideek, eurek aitortu baitute atentatuaren egiletza. Taldeko bozeramaile Shahidula Shahidek esan duenez, matxinoek segurtasun indarren aurkako erasoekin jarraituko dute.
Gobernuaren eta TTPren arteko negoziazioek kale egin ostean gertatu da erasoa. Izan ere, azaroan, mugimenduko lider Hakimula Mehsud hil zuten hegazkin espia estatubatuarrek, bonbardaketa batean, baina horren inguruan akordiorik ez dute lortu oraindik.