Mundua -

Genevako akordioak

Iranek uranioa aberasteko programa eten duela baieztatu du IAEAk

Hain zuzen ere, uranioa % 20 aberasteari utzi dio Teheranek, hori baita arma nuklearrak egiteko behar den maila.

Iranen eta 5+1 taldearen ordezkarian, azaroan Genevan akordioa lortu eta gero. EFE
Iranen eta 5+1 taldearen ordezkarian, azaroan Genevan akordioa lortu eta gero. EFE
Iranek uranioa aberasteko programa eten duela baieztatu dute

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) gaur baieztatu du Vienan (Austria) Iranek uranioa % 20an aberasteko programa eten duela.

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) agentzia horren arabera, Teheran uranioa % 5etik behera ekoizten hasi da Natanz eta Fordow zentral nuklearretan. Esperimentu nuklearrak ere eten ditu.

Erakunde horretako behatzaileak larunbatean iritsi ziren Iranera, Irango Gobernuak Genevako akordioa betetzen ote duen egiaztatzera.

Akordioa azaroaren 24an sinatu zuten Iranek eta 5+1 taldeak (AEB, Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania). Hain zuzen ere, Iranek uranioa % 20 baino gutxiago aberastea hitzartu zuten, hori baita arma nuklearrak egiteko behar den maila.

Irani ezarritako zigor ekonomikoak bertan behera utzi ditu  EBk

Irani ezarritako hainbat zigor ekonomiko bertan behera uztea erabaki du Europar Batasunak, Teheranek eta 5+1 taldeak sinatutako akordioarekin bat etorrita.

EBko Atzerri ministroek Bruselan egindako Kontseiluan hartu dute erabakia.

Bertan behera utzi dituzten debekuak ondorengoak dira: urrearekin eta metal preziatuekin salerosketak egitea, petrolioa aseguratu eta garraiatzea, produktu petrokimikoekin aritzea eta aurrez baimena ez zuten Iraneko bankuekin finantza transakzioak egitea.

Europar Batasunak, ordea, beste hainbat debeku bere horretan mantenduko ditu. Hala nola, armen enbargoa, Europar Batasunera bidaiatzea debekatuta duten pertsona eta erakundeen zerrenda, edo horien ondasunen izoztea.

AEBk zigorrak “arinduko” dizkio Irani

AEBko Gobernuak, bestalde, Irani ezarritako debekuak “arinduko” dituela iragarri du.

John Kerry AEBko Estatu idazkariak “onartu” ditu neurriak. Kongresuak gaur bertan izango du horren berri, Jean Pskai Estatu Saileko bozeramaileak ohar batean jakitera eman duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea