Mundua -
Handitzea
Bat egiteko negoziazioak hasi dituzte EBk eta Serbiak
"Serbiarentzat eta EBrentzat egun historikoa da (...) Serbia Mendebaldeko Balkanetako eredu bat da", adierazi du Stefan Fule EBko Handitze komisarioak.
Erredakzioa
Serbiak Europar Batasunean sartzeko negoziaketak hasi ditu gaur ofizialki. Europako eta Serbiako ordezkariek egun "historikotzat" jo dute gaurkoa. Belgradok Kosovorekin harremanak normalizatzea erabakigarria izan da prozesua hasteko.
"Serbiarentzat eta EBrentzat egun historikoa da (...) Serbia Mendebaldeko Balkanetako eredu bat da", adierazi du Stefan Fule EBko Handitze komisarioak Bruselan. Egunaren "esangura historikoa" azpimarratu du Ivica Dacic Serbiako lehen ministroak.
"Bigarren Mundu Gerraren amaieratik gertakaririk garrantzitsuena da Serbiarentzat", goraipatu du Dacicek. EBn sartzeko bideak "izan nahi dugun gizartea definituko du", Dacicen hitzetan.
Ivica Dacic Serbiako lehen ministroa eta Stefan Füle EBko Handitze komisarioa. Argazkia: EFE
Bestalde, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordearen presidentea Serbia "laudatu" du, "azken urteetan esfortzuak egin eta aurrerapausoak eman dituelako". Barroso Dacicekin bildu da.
Akordioa Kosovorekin
Zentzu horretan, iragan apirileko akordio "historikoa" nabarmendu du Barrosok. Catherine Ashton EBren diplomaziako buruaren bitartekaritzarekin Belgradok eta Pristinak harremanak bideratu zituzten. Horrela, Kosovo iparraldeko serbiarrek autonomia lortu zuten, 2008tik indarrean zituzten botere egitura paraleloak desegitearen truke.
Evangelos Venizelos Greziako Atzerri ministroaren ahotan, prozesuak Serbiaren eta Kosovoren "bideak" bermatu behar ditu, "esfortzuak blokeatu gabe" eta harremanak normalizatuz.