Mundua -
'Txinaleaks'
Txinako goi-buruzagi komunistek dirutzak dituzte paradisu fiskaletan
Pekineko Gobernuak ez die nazioarteko zenbait hedabidetan ateratako informazioei erantzunik eman, baina hedabidek zentsuratu eta haien webguneak blokeatu egin ditu.
Erredakzioa
Gutxienez Txinako bost goi-buruzagiren familiek dirutza handiak dituzte Karibeko paradisu fiskaletan ezkutatuta, Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoaren (ICIJ) ikerketa baten arabera.
Ikerketa horren berri nazioarteko hedabide garrantzitsuenetako batzuek argitaratu dute gaur, hala nola BBC, The Guardian, Le Monde eta El Pais hedabideek.
Besteak beste, Xi Jinping presidentearen, Hu Jintao presidente ohiaren eta Wen Jiabao lehen ministro ohiaren senideak eta hainbat enpresaburu omen daude horretan nahasita.
Partzuergoak 2,5 milioi txosten jaso ditu, Birjina uharteetan finantza zerbitzuak eskaintzen dituzten bi konpainiak filtratutakoak. Dirudienez, mendebaldeko hainbat banku eta enpresa bitartekari izan dira agintari txinatarrek dirutza horiek paradisu fiskaletan gordetzeko.
Txinan ez da legez kanpokoa paradisu fiskaletan kontu korronteak izatea; buruzagi komunistak aberastu izana, baina, oso polemikoa da.
The Guardian egunkariaren esanetan, baliteke lau bilioi dolar mugitu izana 2000. urtetik Txinatik paradisu fiskaletara.
Herrialdeko agintariek ez dute euren ondasunen berri eman behar, eta azkenaldian gordindu egin dute gardentasuna eskatzen duten mugimenduen aurkako jazarpena.
Horren erakusgarri, atzo bertan Xu Zhiyong ekintzailea epaitzen hasi ziren. Herritar Berria mugimenduko fundatzailea da, eta Konstituzioa errespetatzea eta goi-buruzagien gaineko kontrolak zorroztea eskatzen du.
Erantzun ofizialik ez
Txinako Gobernuak ez die ateratako informazioei erantzun ofizialik eman, baina nazioarteko hedabideei zentsura aplikatu die eta haien webguneak blokeatu egin ditu.