Mundua -
Siriako gerra
Islamiarren arteko borrokak eteteko deia egin du Al Kaidak
Gaur egun, oposizio islamiarra Al Kaidaren aurka borroka egiten ari da Sirian.
Ayman al Zawahiri Al Kaidako buruak euren arteko borrokak etetea eskatu die Sirian aurrez aurre dauden talde islamiarrei.
Gaur egun, oposizioaren hainbat talde armatu Al Kaidarekin lotuta dagoen Irakeko eta Levanteko Estatu Islamiarrari aurre egiten ari dira Sirian, eta, ondorioz, 1.000 pertsona baino gehiago hil dira bi aldeetan.
Halaber, Al Kaidarekin lotura duen baina Estatu Islamiarraren aurka dagoen Al Nusra Fronteak matxinoen alde egin du. Izan ere, Estatu Islamiarrak eta Fronteak Al Kaidaren ordezkari izan nahi dute.
Azaroan, Al Zawahirik Al Nusra Frontea izendatu zuen "Al Kaidak Sirian duen filial bakarra", eta Estatu Islamiarraren jarduera Irakera mugatzen dela azaldu zuen. Dena dela, talde hori Sirian ere aritzen da.
Oposizioaren aldetik, Fronte Islamiarra, Siriako Armada Askea eta Mujahidinen Armada daude Estatu Islamiarraren aurka. Horien ustez, jihadistek basakeriak egin dituzte siriarren aurka, eta, horregatik, herrialdetik bota nahi dituzte.