Mundua -
Adierazpenak
Snowden: 'AEBko Gobernuaren ordezkariek hilda ikusi nahi naute'
NSAren analista ohiak igande gauean Alemaniako telebistan ikusgai egongo den elkarrizketa batean hitz egin du.
Erredakzioa
Edward Snowden Nazio-Segurtasun Agentziaren (NSA) analista ohiak uste du Estatu Batuetako agintariek bere kontrako atentaturen bat prestatzeko aukera dagoela. Horrela azaldu dio ARD Alemaniako kate publikoari, mundu mailan egin dioten lehen elkarrizketan (igande honetan gauean egongo da ikusgai). "Gobernuaren ordezkariek hilda ikusi nahi naute", esan dio Snowdenek Hubert Seipel kazetariari.
Asmo horien adierazgarri bezala, Snowdenek “Buzzfeed” webgunean argitaratutako artikulu bat aipatu du; bertan, Pentagonoko kide batzuek inteligentziako analistaren bizitzarekin amaitzeko borondatea adierazi omen zuten. "Pertsona horiek Gobernuaren funtzionarioak dira, eta esan dute buruan niri tiro bat sartzea gustatuko litzaiekeela edo supermerkatutik aterata pozoitzea bestela, dutxapean nola hiltzen naizen ikusteko", esan du Snowdenek.
AEBk espioitza eta traizioa leporatu dizkio Snowdeni. Gaur egun, Errusian dago, babestuta. Elkarrizketan, halaber, esan du uste duela Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek gainerako herrialdeen enpresak espiatu zituztela: “Siemensek Estatu Batuetako interesetarako ona izan litekeen informaziorik izatekotan, hartuko dute, segurtasun nazionalarekin zerikusirik ez badu ere”.
NSAk espioitza industrialik ez duela egiten esan zuen
Snowdenek esandakoa, nolanahi ere, ez dator bat Vanee Vines NSAren bozeramaileak urtarrilaren 14an “The New York Times” egunkariari egindako adierazpenekin. “Guk ez ditugu gure inteligentzia zerbitzuak horretarako erabiltzen, atzerriko enpresei sekretu komertzialak lapurtzeko Estatu Batuetako konpainien eta euren nazioarteko lehiakortasunaren onurarako”, esan zuen Vinesek.
Snowdenek azaldu du ez duela une honetan inolako informaziorik; izan ere, aukeratutako kazetari batzuei eman zien dena, eurek argitaratzeko.