Mundua -

Batasunaren Egoera

Obamak aldaketak egingo ditu, Kongresuaren babesik gabe ere

Kongresuaren laguntza ez duenean dekretuak onartzen saiatuko dela hitzeman du, nahiz eta gai potoloenetan, migrazio erreforman adibidez, kongresisten oniritzia behar izan.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: Efe
Barack Obama AEBetako presidentea.
Aginte exekutiboa erabiliko duela esan du Barack Obamak

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak esan du 2014a "erabakigarria" izango dela ekonomia egonkortzeko eta desberdintasunak murrizteko. Hori horrela, dekretu sorta onartuko duela hitzeman du, eta Guantanamo ixteko eta Irani isun gehiago ez jartzeko konpromisoa berretsi du.

"AEBak ez dira geldituko. Ni ere ez", adierazi du Obamak Batasunaren Egoeraz Kapitolioan eman duen hitzaldian. Horren harira, Kongresuarekin lan egiteko "irrikaz" dagoela esan du, baina "familia estatubatuarrentzat onuragarriak diren neurriak" hartuko omen ditu, Kongresuaren babesik gabe ere.

Ekonomia suspertzen ari bada ere, "estatubatuar asko inoiz baino gehiago ari dira lanean bizirauteko eta aurrera egiteko", salatu du Obamak. "Batez besteko soldatak ez dira ia aldatu, eta desberdintasunak areagotu egin dira", ohartarazi du.

Presidenteak aurreratu duenez, langile federalen gutxieneko soldata orduko 10,10 dolarrera igoko du, baina gainerako langileena (7,25ekoa da) igotzeko Kongresuaren babesa behar du.

Obamak berretsi du langabezian denbora asko daramatenentzako diru-laguntzak berehala berritu beharra dagoela, abenduan amaitu baitziren.

Migrazioaren erreforma, Guantanamo eta osasun erreforma

Halaber, migrazioaren erreforma onartzeko deia egin dio Kongresuari, 2009an Etxe Zurira iritsi zenean hitzemandakoa betetze aldera.

Guantanamo presondegia ixteko konpromisoaren inguruan, Obamak azpimarratu du 2014ak izan behar duela itxieraren urtea. Horregatik, presoak mugitzeko prozesua erraz dezala eskatu dio Kongresuari.

Migrazioaren erreformak eta osasun erreformak, arazo eta kritika handiak jaso dituenak, txalo-zaparrada handiak jaso dituzte.

Nazioarteko politika

Nazioarteko politika izan zen protagonista hitzaldiaren bigarren zatian, eta ez zen nobedaderik izan.

Obamak berretsi du Iranen kontrako isunak galaraziko dituela Teheranekin negoziatzen ari diren bitartean, eta "diplomaziari aukera bat" emateko deia egin du.

Cory Remsburg soldadu gaztea, Afganistanen zauri larriak jasan zituena, ere protagonista izan da, hitzaldiko une hunkigarriena haren izena aipatu duenean izan baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak