Mundua -

Hitzarmena

Europar Batasunak Kubarekin harremanak estutzeko aurrerapausoa eman du

Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako ministroek aho batez onartu dute Kubarekin "elkarrizketa politikoa" eta "elkarlana" abian jartzeko hitzarmena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako ministroek aho batez onartu dute Kubarekin "elkarrizketa politikoa" eta "elkarlana" abian jartzeko hitzarmena. Akordio horren xede nagusia Kubarekin harremanak "normalizatzea" eta "erreforma demokratikoak" bultzatzea izango da, Europako iturriek jakitera eman dutenez.

Erabakia aho batez hartu dute, hilabeteak negoziatzen eman ondoren. Hasiera batean Alemaniak eta Suediak zalantzak bazituzten ere, azkenean denek eman dute aro berria irekitzeko baimena.

Catherine Ashton Europar Batasuneko Atzerri Politikako goi ordezkariak baimena jaso ondoren, kanpo arazoetarako zerbitzuek Kubako agintariekin harremanetan jarri beharko dute, elkarrizketei ekiteko.

1996. urtean Europar Batasunak adostutako jarreratik oso urrun dago gaur ministroek hartu duten erabakia. Hala ere, ez du Kubarekiko politikan aldaketa nabarmenik ekarriko, iturri horien arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea