Mundua -

Genozidioa Tibeten

Jiang Zemin Txinako presidente ohia atxilotzea agindu du ANk

Moreno epaileak Txinako bost agintari ohi atxilotzeko nazioarteko agindua eman du, tartean Jiang Zemin presidente ohia, genozidioa, torturak eta gizateriaren aurkako delituak egotzita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Txinako bost agintari ohi bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua eman du, Tibeten genozidio, tortura eta gizateriaren aurkako delituak egotzita. Besteak beste, Jiang Zemin Txinako presidente ohia atxilotzeko agindua eman du epaileak. Hala, Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko laugarren aretoak joan den azaroan emandako agindua bete du Morenok. Epailea horren kontra zegoen eta, gaur arte, ez du agindurik eman.

Kereila bi elkartek (Tibeten Aldeko Batzordea eta Tibet Etxea Fundazioa) eta nazionalitate espainiarra duen lama batek (Thubten Wangchen Sherpa) jarri zuten, eta horretan oinarrituta kaleratu du agindua. Testuan azaltzen duenez, "delituak zuzenean egin zituzten pertsonen agintean jardun zuen Jiang Zeminek, eta horrek erantzule egiten du". Zehazki, "Tibeteko herritarren kontra pertsona horiek egindako tortura ekintzen eta giza eskubideen kontrako bestelako jazarpenen erantzule" egiten du presidente ohia testuak.

1993 eta 2003 artean Txinako presidente izan zen Jiang Zemin. Harekin batera, beste lau pertsona atxilotzeko agindua eman du epaileak: Li Peng (80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran Txinako lehen ministro izandakoa), Qiao Shi (Txinako Segurtasuneko buru ohia eta Poliziaren arduraduna), Chen Kuiyuan (1992tik 2001era Tibeten Txinako Alderdi Komunistak zuen idazkaria) eta Peng Pelyun (80ko hamarkadan familia-plangintza alorreko ministroa). Bostak daude ihes eginda, epaileak bere idatzian azaldu duenez.

Bihar bertan, Espainiako epaile batek Estatutik kanpo egindako delituak ikertzeko baldintzak murrizteko proposamena eztabaidatuko du Diputatuen Kongresuak. Ekimenak auzi honi eragingo dio, kereila jarri duenak ez baitzuen espainiar nazionalitatea ustezko delituak izan ziren garaian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina albisteak