Mundua -
Benoniko meategia
Beste 11 meatzari erreskatatu dituzte Hegoafrikako meategian
Erreskatatu dituzten meatzariek epailearen aurrera joan beharko dute asteartean, urrea legez kanpo ateratzea leporatuko baitiete.
Erredakzioa
Erreskate taldeek Johannesburgoko ekiladean dagoen urre-meategian beste 11 meatzari erreskatatu dituzte, legez kanpo ari zirela atera ezinik geratu eta gero.
Atzo, igandea, arratsaldetik, 22 meatzari erreskatatu dituzte Benonin dagoen meategi horrean, esan du Susan Moodley Ekurhuleni ondoko herriko larrialdi zerbitzuko bozeramaileak.
"Ezin liteke pentsa lurpean 300 bat pertsona egotea legez kanpo lanean", esan du Rogers Mamaila larrialdi taldeetako bozeramaleak SABC Hegoafrikako irrati publikoan. Mamailaren arabera, ez dute ezagutzen zenbat meatzari dauden atera ezinik Benoniko meategian, Hegoafrikako eskualderik aberatsena den Gauteng probintzian.
Bestalde, Poliziak gaur, astelehena, iragarri duenez, atzo erreskatatutako 11 meatzariek epailearen aurrera joan beharko dute bihar, legez kanpo jardutea leporatuta.
"Benoniko Magistratura Auzitegira eramango dituzte, legez kanpo meatzari lanetan aritzeagatik", gaineratu du Katlego Mogalek, Sapa albiste agentziak aipatuta.
Orain arte erreskatatu dituzten 19 meatzariek Poliziaren esku jarraitzen dute. Lurpean 200 bat pertsona zeudela pentsatu zuten hasiera batean.
Taldea lurrazalera eraman ostean, larrialdietarako taldeek eten egin zituzten lanak, erreskatatzeko falta ziren meatzariek ez zutelako erreskatatzerik nahi, ondoren atxilotzearen beldur baitziren.