Mundua -
Protestak
Protestak Venezuelan, Lopez atxilotu dutelako
Ikasle bat hil da, atzo Gobernuaren aurkako manifestazio batean buruan tiro bat jaso ondoren. Iraultzaren aldeko elkarretaratze batean beste pertsona bat hil da Bolivar estatuan.
Erredakzioa
Leopoldo Lopez oposizioko alderdiko burua asteazkenean eraman dute Venezuelako Justizia Auzitegira, epailearen aurrean deklaratzera, segurtasun-neurri handi artean, horren jarraitzaile askok aske uztea eskatzen zuten bitartean.
Ramo Verdeko kartzela militarretik eraman dute Lopez Caracasko Justizia Auzitegira, bertara eraman baitzuten atzo Gobernuaren aurkako martxa batean atxilotu ostean.
Lopezek ez daki oraindik zer delitu egotzi dioten epaile aurrera eramateko, baina Caracasen duela astebete hasitako indarkeria boladaren "egile intelektualtzat" jo du Gobernuak.
Ikasle bat hil da manifestazio batean
Ikasle bat hil da asteazken honetan, Gobernuaren aurkako manifestazio batean buruan tiro bat jaso ondoren. Hildakoa, Genesis Carmona, 22 urteko emakumezkoa, Miss Turismo izendatu zuten iaz Carabobo estatuan, eta Nicolas Maduroren Gobernuaren aurkako protestetan zauritu zituzten zortzi manifestarietako bat zen.
Langile bat hil da Bolivarren
Miguel Rodriguez Venezuelako Barne ministroak beste pertsona bat ere hil dela baieztatu du. Ondorioz, sei pertsona hil dira jada duela astebete Gobernuaren aurkako protestak hasi zirenetik.
Ministroaren esanetan, pertsona bat hil da Bolivar estatuan, Chavismoaren aldeko elkarretaratze batean. "Langileen elkarretaratze bat zegoen, iraultzaren aldeko jarraitzaileena, alegia, eta tirokatu egin dituzte, ez dakigu oraindik nork. Pertsona bat hil eta lau zauritu dituzte, iraultzaren jarraitzaileak guztiak", esan du Rodriguezek Union Radio irrati katean.