Mundua -
Analisia
Mugimenduak
Gizakia gizaki denetik migrazioak izan dira, eta orduan eta orain, mugimendu horien eragileak oso antzekoak izan dira.
Juanjo San Miguel
Etorkinak, Europan sartu nahian dabiltzan beltz horiek dira. Lurralde txiroenetatik gure ongizate gizartera etorri eta ondo bizi nahi dutenak. Bizitza honetan patuak urruti,aukerarik gabeko lurretan jarri eta euren zorigaitza aldatu nahi dutenak.
Etorkin guztiak ez dira hemen kabitzen, ez dago guztientzako lekurik, bestela guk alde egin beharko genuke. Etorkinak lana kentzen digute, gutxiago kobratuta lan egiteko prest daude. Guztiak onartzen baditugu gure eskolek,gure ospitalek gainezka egingo dute.Etorkinek hobe lukete euren herrietan geratuko balira eta behar izan ezkero hemendik lagunduko genieke, hori delako onena beraientzat eta guretzat.
Europako herrialdeetan 18 miloi etorkin afrikar bizi dira, Afrikako estatuetan 40.000 etorkin, herrialde batetik bestera joan direnak. Munduan 800 miloi emigrante daude gaur egun eta kopuru handiena txinatarrak dira. Etorkin hauek urtero euren herrietara 400 mila miloi dolar bidaltzen dituzte, herrialde aberatsen laguntzetan eta garapen planetan 125 mila miloi jartzen dituzte herri horietan. Herrialde pobreetatik alde egiten dutenak ausartenak, prestatuenak eta gazteak dira, herri horien etorkizuna kolokan jartzen du mugimendu honek, harrera egiten dieten herrialdetan aldiz pertsona horiek lana egiten dute, zergak ordaindu eta herri horien garapenaren aldeko ahalegina egiten dute…
Gizakia gizaki denetik migrazioak izan dira eta orduan eta orain mugimendu hauen eragileak oso antzerakoak izan dira. XIX. mendean New Yorkeko portura iristen ziren irlandarrek lau egun lehenago iritsitakoak zeuzkaten zain itzuli zitezela oihukatzeko, zorriak hara eraman ez zitzatela eskatzeko, guztientzako lekurik ez zegoela ozen esateko.
Munduko Lehen Gerra amaitzean, Frantziak 2 miloi gizon gazte behar zituen, gerran hildakoak italiarrak, poloniarrak, belgiarrak… ordezkatzeko. Han lortu zuten pobrezia gorritik irtetea.
Handik 25 urtera, espainiarrak eta portugaldarrak hartu zituzten Alemanian.Gero iritsi ziren marokoarrak eta aljeriarrak, hegoaldeko beltzak eta txinatarrak,eta europarrak mugitzen hasi ziren errumaniarrak, bulgariarrak, albaniarrak…. Estatubatuar guztiak etorkinak dira, Ameriketako indioak Asiatik iritsi omen ziren eta Asia aldera jo zuten Afrikatik irtendako lehen gizakiek...