Mundua -
30 urte 'tory'ekin izan ostean
Cameronen kide bat atxilotu dute sexu-abusuen argazkiak dituelakoan
Patrick Rock izan da atxilotu dutena, adingabeei egindako sexu-abusuen irudiak izatea leporatuta. Rockek otsailaren 12an eman zuen dimisioa, eta hurrengo egunean atxilotu zuen Poliziak.
Erredakzioa
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroaren aholkulari bat atxilotu dute adin txikikoei egindako sexu-abusuen argazkiak dituelakoan, Downing Street kaleko 10. zenbakiko egoitzatik informatu dutenez.
Patrick Rock (62 urte) izan da atxilotutakoa. Otsailaren 12an aurkeztu zuen dimisioa Rockek, politikako aholkulari karguan, eta hurrengo egunean atxilotu egin zuen Poliziak, aipatutako iturrien arabera.
Ikerketa Krimenaren Agentzia Nazionala (NCA, ingelesez) egiten ari da.
Downin Streeteko bozeramale baten esanetan, lehen ministroak berehala izan zuen atxiloketaren berri.
"Ikerketa zabalik dago -esan du- beraz, ez litzateke egokia izango aipamen gehiago egitea, baina lehen ministroaren iritzian, umeei egindako abusuen irudiak higuingarriak dira eta horiekin lotuta dagoen edozeinek legeak zehaztutako tratua izan beharko luke".
Oraindik ez dute Patrick Rocken kontrako karguak aurkeztu; 30 urtez egin du lan Cameronen Alderdi Kontserbadorean, hasieran Margaret Tatcher lehen ministro ohiarekin (1979-90) lan eginda.