Mundua -
Hilaren 8an desagertu zen
Desagertutako hegazkinarenak izan litezkeen zatiak atzeman dituzte
Australiako Gobernuak iragarri duenez, objektuak Perth hiritik 2.500 kilometro hego-mendebaldera topatu dituzte. Handiena "24 metrokoa" da.
Erredakzioa
Australiak martxoaren 8an desagertu zen hegazkin malaysiarrarenak izan litezkeen bi objektu atzeman ditu Indiako Ozeanoan, Tony Abbott herrialde horretako lehen ministroak iragarri duenez. 239 pertsona zihoazen hegazkinean.
"Itsas Segurtasuneko Agintaritza Australiarrak (AMSA) jaso du informazioa, sateliteek hartutako argazkiak oinarri", adierazi du Abbottek, Canberrako Parlamentuan, ABC telebista-kate australiarrak zabaldutakoaren arabera.
Hain zuzen ere, objektuak Perth hiri australiarretik 2.500 kilometro hego-mendebaldera topatu dituzte, John Young AMSAren Larrialdietarako gerente nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, eta handiena "24 metrokoa" da.
Malaysiako hegazkina desagertu zen lekua eta gertu dauden aireportuak. EiTB
Australiako Aire Armadaren hegazkin bat bertaratu da, eta gaur gauean beste hiruk (australiar bat, estatubatuar bat eta zeelandaberritar bat) egingo dute. Itsasontzi bat ere hara abiatu da.
Ozeanoa "milaka metro" sakon da puntu horretan.
Gutxienez 26 estatu ari dira bilaketa lanetan. MH370 hegaldia Kuala Lumpur-Beijing bidea egiten ari zen, baina bat-batean komunikazioak eten zituen eta norabidea aldatu zuen.
Malasiako Gobernuaren ustez, Australiak aurkitutako objektuak "zantzu sinesgarriak" direla martxoaren 8an desagertu zen Boeing 777a aurkitzeko.
Hishammuddin Hussein Garraio ministroak azpimarratu duenez, zati horiek Malaysiako hegazkinarenak direla jakin arte, iparraldeko eta hegoaldeko korridoreetan bilaketa lanekin jarraituko dute.