Mundua -
Zerbitzu sekretuak
Obamaren hiru agente mozkortuta aurkitu dituzte Amsterdamen
Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuetako hiru agente Washingtonera eraman dituzte bueltan, Amsterdameko hotel batean mozkortuta atzeman ostean.
Barack Obamaren Gobernuko zerbitzu sekretuko hiru agente Washingtonera eraman dituzte "diziplina kontuengatik", Amsterdameko hotel batean mozkortuta atzeman ostean, Associated Pressek zabaldu duenez.
Ed Donovan Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko bozeramailearen esanetan, gertaerak ez du Obama presidentearen segurtasuna arriskuan jarri, lider estatubatuarra Europara heldu baino egun bat lehenago gertatu baita.
The Washington Post egunkariaren arabera, presidenteak erasoetatik babesteko duen talde berezikoak dira mozkortuta harrapatu dituzten horiek, eta bat "taldeko liderra" omen da.
Dirudienez, agenteetako bat mozkor-mozkor eginda aurkitu zuten, eta hoteleko langileek AEBko enbaxadara deitu zuten. Beste bi agenteak konplize gisa hartu dituzte.
Ameriketako Estatu Batuetako agenteak eztabaidaren erdian daude, 2012an Cartagenan, Kolonbian, prostitutekin izandako gertakari bat dela medio.