Mundua -
Bilera Bruselan
AEBek EBri egiten dizkien gas esportazioak igoko dituzte
Halaber, Europako aliatuei defentsan egindako gastua ez murriztea eskatu die, besteak beste, Ukrainakoa bezalako krisiei aurre egiteko.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak EBri gas estatubatuarraren esportazioak igoko dizkiola promestu dio asteazken honetan, Errusiarekin duen dependentzia energetikoa murrizteko asmoz. Horrez gain, Europako kideei euren energia iturri propioak garatzea eskatu die, AEBek 'fracking'arekin egin duen moduan, gas ez konbentzionala lortzeko.
Obama Herman Van Rompu Europako Kontseiluko presidentearekin eta Jose Manuel Durao Barroso Batzordekoarekin goi-bilera txiki (ordu bat eta laurden iraun du) batean izan da. Halaber, Obamak , Europako aliatuei defentsan egindako gastua ez murriztea eskatu die, eta guztiek zentroko herrialdeen eta Europako ekialdearen babesa bermatzen laguntzea, Moskuren mehatxua sentitzen dutelako, Krimearen anexioaren ostean.
Obamak, Van Rompuyk eta Barrosok esan dutenez, Errusiak tentsioa jaisten ez badu eta Ukraniko lurraldean "eraso berriak" egiten baditu, AEBk eta EBk beste zigor batzuk ezarriko dituzte, "geroz eta ondorio handiagoekin" Errusiako ekonomiarentzat. AEBetako presidentearen hitzetan, zigor horiek "eragina izango dute ekonomia mundialean, batik bat Europan, Moskurengandik duen dependentzia energetikoagatik.
"Egunero esportazioa baimentzeko prest gaude, bai gas naturalarena baita, Europak erabiltzen duenarena ere", azaldu du AEBetako presidenteak; gas hori nazioarteko merkatura zuzenduko dela nabarmendu du, eta ez Europara soilik. EBren eta AEBen arteko merkataritza librearen hitzarmenaren sinadurak esportazio horiek erraztea ahalbidetuko du.
NATOk ekialdeko herrialdeetan duen presentzia indartu behar du
AEBetako presidenteak NATOri kontingentzia-planak berraztertzea eskatu dio, Errusiagatik mehatxatuta sentitzen diren Europako zentroko herrialdeei eta ekialdeari laguntzeko. Militarren presentzia igotzea ere eskatu dio.
"Mundu osoak lagundu behar du. NATOren kide berrian artean dagoen defentsa gastuaren murrizketak kezkatzen nau. Ulergarria da krisi ekonomiko eta finantzarioa dagoenean, baina Ukrainako egoerak askatasuna ez dela doan gogorarazten digu, eta aktiboak, langileak, beharrezko entrenamendua ordaintzeko prest egon behar dugu, NATOren indar sinesgarria izateko", esan du Obamak.