Mundua -

Urteurrena

20 urte dira Ruandako genozidioa gertatu zela

800.000 lagun hil zituzten, gehienak tutsiak. Sarraskiak 1994ko apiriletik uztailaren hasierara iraun zuen.

Ruanda. Argazkia: EFE
Ruanda
800.000 lagun inguru hil zituzten Ruandako genozidioan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paul Kagame Ruandako presidenteak Europako kolonizazioari bota dio historian Afrikako herrialde horretan izandako gertaera tragikoa eragin zuen gorroto etnikoaren errua. Astelehen honetan hogei urte bete dira genozidiotik.

800.000 pertsona inguru hil zituzten 1994ko apiriletik uztailera bitartean Ruandan jazotako genozidioan.

Biktima gehienak tutsiak izan ziren, baina hutuak,  Armadako soldaduak eta "Interahamwe" muturreko miliziako kideak ere egon ziren hildakoen artean.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, munduan inoiz jazo den genozidiorik handiena izan zen Ruandakoa. 1994ko apirilaren 6an hasi zen, Juvenal Habyarimana presidentea hil eta ordu gutxira. Kigaliko aireportura iristear zela, bi misilek presidentearen hegazkina jo eta hil egin zuten.

Habyarimana 1973an heldu zen agintera, estatu kolpe bat jota. Hutu etniakoa zen (Ruandako etnia garrantzitsuena) presidentea, eta hutuek Ruandako Fronte Abertzaleko kide ziren tutsuei egotzi zieten hilketa.

Hutu eta tutsi etnien arteko ezinikusia aspaldikoa zen. Nekazaritza zen Ruandako ekonomiaren oinarri, eta gizarte sistemaren barruan, tutsiak jauntxo feudalen parekoak ziren XVI. mendetik; hutuak, berriz, haien morroi.

Tentsio giro horretan, beraz, Habyarimanaren heriotzaren berri jaso zutenean, hutuek tutsien aurka jo zuten, eta gizonezkoak, emakumezkoak, haurrak zein edadetuak hiltzen hasi ziren. Nazio Batuen arabera, milioi erdi emakume bortxatu zituzten. Sarraskiak apiriletik uztailaren hasierara arte iraun zuen.

Egoera jasanezin horretan, tutsiak Ruandako Fronte Abertzalean bildu ziren Paul Kagameren gidaritzapean, Kigali hiriburua hartu zuten 1994ko uztailean, eta euren gobernua ezarri zuten. Jasandako guztiaren ordainetan, genozida hutuak jazartzen eta hiltzen hasi ziren. Ruandak zortzi milioi bizilagun zituen, eta sarraski hartan, fosa komun erraldoi bat bihurtu zen herrialde osoa.

Milioi eta erdi ruandarrek, batez ere hutuek, Kongoko Errepublika Demokratikora (Zaire izena zuen garai hartan), Tanzaniara eta Burundira alde egin zuten. Zaireko Goma eta Bukavu hiriek 1,2 milioi errefuxiatu hartu zituzten 48 ordutan.  Bizi-baldintzak negargarriak ziren, eta horren guztiak kolera, meningitisa eta beste hainbat gaixotasun ekarri zituen.

Fronte Abertzalearen gobernuak Kigali eta ia herrialde osoa hartu zuen, herrialdera itzultzeko eskatu zien errefuxiatuei, eta aldi berean nazioarteari auzitegi bat eratzeko eskatu zion, hutuak epaitzeko.

1994ko uztailean, Ruandako Fronte Abertzaleak, herrialde osoa kontrolpean hartuta, batasun nazionaleko gobernu bat eratu zuen. Fronte Abertzaleko burua, Paul Kagame tutsia, presidenteorde hautatu zuten, presidenterako Bizimungu aukeratu zuten, hutuak ere gobernuan ordezkatuta egon zitezen.

1994ko azaroaren 8an, NBEko Segurtasun Kontseiluak genozidioa ikertzeko ardura zeukan Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren estatutua onartu zuen. 1998ko irailaren 2an, auzitegi horrek genozidio delituaren errudun jo zuen Jean Paul Akayesu alkate ohia.

Bestalde, Ruandako Gobernuak Auzitegi Gorena eratu zuen, atxilotuta zeuden 55.000 pertsonak epaitzeko. Pasteur Bizimungu presidenteak, delituaren arabera, hainbat taldetan banatu zituen presoak (genozidioaren buruak, gorrotoa zabaltzeaz arduratu zirenak, aginduak bete zituztenak...) eta modu desberdinean epaitzeko agindu zuen, atxilotuen artean umeak zeudelako.

Ban Ki-moon: "NBEek askoz ere gehiago egin behar izan zuten Ruandan"

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak azaldu duenez, Nazio Batuek Ruandan "askoz ere gehiago" egin "ahal" eta "behar" izan zuten 1994eko genozidioko 800.000 hilketa ekiditeko.

"Adore ikaragarria erakutsi zuten NBEko hainbat kidek, baina askoz ere gehiago egin ahal izan genuen. Askoz gehiago egin behar izan genuen", onartu du Banek, Kigalin egindako ekitaldian, biktimen oroimenean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea