Mundua -

Dimisioa

Erresuma Batuko kultura ministroak dimisioa aurkeztu du

Maria Millerrek dimisioa eman du eta 5.800 libera (6.991 euro) itzuli beharko ditu, etxebizitza gastu moduan behar baino gehiago eskatu zuela zabaldu ondoren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Miller Kultura ministroak David Cameron lehen ministroari eskutitz bidez eman dizkion azalpenen arabera, gastu horien harian sortu den ika-mika Gobernua egiten ari den "lan garrantzitsuaren aurrean oztopo" bihurtu da. Hori dela eta, dimisioa aurkeztu du.

Parlamentuko batzorde batek 15 hilabeteko ikerketa egin du, parlamentari den neurrian Kultura arduradunak Londresen bigarren etxebizitza bat izateko duen eskubidea gaizki erabili duen argitzeko, horrek eragindako gastuen parte bat altxor publikoari eskatu baitizkio.

Batzorde horrek jaso zuen salaketa baten arabera, Millerrek urtean 90.718 libera (109.391 euro) eskatu zituen hiriburuan zuen etxebizitzaren hipoteka ordaintzeko, zerga-ordaintzaile guztien artean ordaindutako etxe horretan 2005 eta 2009 bitartean haren gurasoak bizi izan ziren arren.

Parlamentariek gastu gisa pasa ditzakete Londresen dauden bitartean ostatua edo etxebizitza ordaintzeko dituzten gastuak, alokairu zein hipoteka gastuak izan.

Millerren kasuan, haren gurasoak ziren bigarren etxebizitza horretan bizi zirenak, eta hori argitzen saiatu dira batzordeko kideak. Ikerketa horren ondorioz, ministroak, 5.800 libera itzuli beharko ditu, hipoteka gisa zegokion dirua baino gehiago eskatu baitzuen; izan ere, ez zuen kontuan hartu interes-tasak behera egin izana (gaur egun, % 0,5ean daude).

Kultura ministroaren kontrako salaketa John Mann diputatu laboristak jarri zuen Parlamentuan, 2012an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea