Mundua -
Fiskaltzari eskaera
Mikhail Gorbatxov auzipetu nahi dute Errusiako bost diputatuk
Bost diputatuek uste dute Gorbatxovek eta garaiko beste agintari batzuek hainbat delitu egin zituztela, eta delitu horien ondorioz desegin zela Sobietar Batasuna.
Erredakzioa
Hainbat alderdi politikotako Errusiako bost diputatuk Mikhail Gorbatxov ikertzea eskatuko diote Errusiako Fiskaltza Orokorrari, "Izvestia" egunkariak kaleratu duenez. Diputatuen asmoa, Gorbatxov auzipetzea da, hark eta garaiko beste agintari batzuek Sobietar Batasunaren desegitean izan zuten papera dela-eta.
Zehazki, diputatuek uste dute Gorbatxovek eta garaiko beste agintari batzuek hainbat delitu egin zituztela, eta delitu horiek Sobietar Batasunaren desegitea eragin zutela.
Hala, presidente ohiari leporatu diote Sobietar Batasunaren Estatu Kontseilua osatu izana. Diputatuek salatu dutenez, organo hori ez zegoen Konstituzioan, eta horrek erabaki zuen Estoniaren, Letoniaren eta Lituaniaren independentzia aitortzea.
Ekimena sustatu duten bost diputatuetatik bi agintean dagoen alderdikoak dira; beste bi alderdi komunistako kideak dira eta, gainerakoa, alderdi ultranazionalistaren ordezkaria.
Gorbatxovek esan du ''erabateko ergelkeria'' dela ekimena.