Mundua -

800 hektarea kiskalita

16 pertsona hil dira sute batean, Txilen

500 etxe suntsitu ditu suak Valparaiso hirian. Rodrigo Peñailillo Txileko Barne eta Segurtasun Publiko ministroak iragarri duenez, Gobernuak bonoak emango dizkie kaltedunei.

Suak Valparaiso hiria hartu du erabat. Irudia: EFE
Suak Valparaiso hiria hartu du erabat. Irudia: EFE
16 dira Valparaisoko sutean hildakoak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez, 16 pertsona hil dira, 5.000 pertsona ebakuatu dituzte eta 500 etxe suntsitu dira, gutxienez, larunbatean Valaparaiso hirian piztutako sutean. Michelle Bachelet Txileko presidenteak hondamendi-eremu izendatu du ingurua, eta larrialdi-egoera ezarri du hirian.

Txileko agintariek adierazi dutenez, 11 pertsona hil dira sutean, eta ez 16, hasiera batean esan duten bezala. Gainera, haize indartsuak eta tenperatura altuek sua berriz ere indartzea eragin dute.

Hori dela eta, jendea Valparaisoko goialdean dagoen Rocuanteko Dorreetatik atera dute, beste bi sute piztu direlako.

Egoera

Bachelet Txileko presidentea Valparaisora heldu da, bost mendixka ere kiskali dituen sutearen neurria ezagutzeko.

"Baliteke Valparaisoko historiako suterik latzena izatea", esan die Bacheletek hedabideei, bertako agintariekin hango Gobernuko egoitzan bilduta egon ostean.

Presidenteak ez du baztertu, hondakinak kendu ahala, hildako eta kalteen kopuruak gora egitea. Gainera, zetozen orduotan Valparaison haizea harrotuko zela aurreikusi dutela ohartarazi du, eta horrek sutea itzaltzeko lanak zeharo zailduko zituela.

Bacheletek "etxebizitza, altzariak eta kasu batzuetan senideak galdu dituzten ehunka familiei babesa" helarazi nahi izan die; gainera, ziurtatu du osasun publikoko sarea normaltasunez ari dela lanean eta agintariek "lanean jarraituko" dutela kaltedunen alde.

Kaltedunentzako bonoak

Rodrigo Peñailillo Txileko Barne eta Segurtasun Publiko ministroak iragarri duenez, Gobernuak bonoak emango dizkie kaltedunei.

Peñailillok azaldu du Gobernuaren helburua bono horrekin bertoko saltokitan lehen beharreko gaiak erostea dela, bertoko ekonomia berriz ere aktibatzeko.

Bono horrez gain, "senideen edo larrialdietarako etxebizitzetara joan direnentzako diru-laguntzak emango dira", El Mercurio egunkariak argitaratu dutenez.

Hegazkinak eta helikopteroak lanean

Egunaren argitasunari esker dozena bat hegazkin eta helikoptero bidali ahal izan dituzte garrei airetik aurre egiteko, eta, halaber, sutearen tamaina zehaztu ahal izan dute. Valparaison 250.000 pertsona inguru bizi dira, eta bertan daude Parlamentua eta Txileko Armada.

Jaime Burrows Osasun idazkariordeak Biobío irratiari egindako adierazpenetan esan duenez, 16 hildakoez gain, 500 zauritu inguru daude; horietatik hiru oso larri, batik bat arnasbideetan izandako zauriengatik.

Sua itzali duten auzoetako herritarrak hasi dira dagoeneko hondakinak kentzen. Bitartean, larrialdi zerbitzuek -tartean 1.200 suhitzailek- garrak itzaltzeko lanetan jarraitzen dute, gauean zakar ibili den haizea baretu dela aprobetxatuta.

800 hektarea inguru kiskali ditu suak. Dirudienez, La Polvorako baso batean piztu zen, baina haize zakarraren laguntzaz, laster zabaldu zen La Cruz, El Vergel, San Roque, Las Cañas eta Mariposas muinoetara.

Baldintza meteorologikoei adi daude agintariak, batez ere haizearen indar eta norabideari adi. Eguna argituko bezain laster, baldintzak egokiak badira, su itzalketetan aritzen diren hegazkinak aireratuko dituzte, iristeko zailen dauden eremuen gainera ura bota dezaten.

Dozena bat aterpe prestatu dituzte etxe barik geratu direnentzat, Jorge Castro Valparaisoko alkateak jakinarazi duenez. Valparaiso hiria kostaldean dago, Santiagotik 120 kilometrora, ibarren arteko magal malkartsu batean.

Zantzurik ez, sutea nahita eragindakoa izan denari buruz

Rodrigo Peñailillo Txileko Barne ministroak azaldu duenez, orain arte bilduko aurrekariek larunbatetik Valparaiso erretzen ari den sutea nahia eragindako dela esateko aztarnarik ez dago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea