Mundua -

Sewol

Hego Koreako ontziaren kapitainak ebakuazioa atzeratu zuela onartu du

Erreskate zerbitzuko urpekariek lau gorpu atera dituzte ontzitik, eta dagoeneko 33 dira uretan hildakoak.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

‘Sewol’ ontziko kapitainak ebakuazioa atzeratu zuela onartu du. Itsaso gaiztoa zegoela eta bidazti guztiak erreskatatzeko nahikoa txalupa ez zeudela ikusita hartu omen zuen erabaki hori.

"Ontzia azkarregi hustuz gero, bidaiariek itsasora salto egin eta han egon beharko zutela pentsatu nuen ", adierazi du Lee Joon-seok 69 urteko kapitainak Hego Koreako telebista batean, larunbatean Poliziak atxilotu ondoren. Eta gaineratu zuen ura hotz dagoela istripua gertatu zen lekuan, Hego Korea hego-mendebaldean, eta olatuek eta urak indar handia dutela. Beraz, hori guztia kontuan hartuta, bidaiariek salbamendu-jaka jantzita bazuten ere, “uretan egon behar izanez gero larri eta estutasunean” egongo zirela pentsatu omen zuen.

Istriputik bizirik irten direnek eta biktimen senideek, berriz, kritikatu egin dute kapitainak ontzia biratzeko agindua ematea eta ebakuatzeko agindua ordu erdi atzeratu izana. Euren ustez, erabaki horren ondorioz geratu ziren harrapatuta bidaiarietako asko, eta horregatik ez dira gehiago salbatu.

Poliziak "Sewol" ontziko kapitaina eta tripulazioko beste bi kide atxilotu ditu, bidaiariak onik zeudela ziurtatu gabe ferrytik alde egitea leporatuta. Beste bi atxilotuak honako hauek dira: Park, istripua jazo zenean ontzia gidatzen ari zen hirugarren ofiziala, 26 urteko emakumea; eta 55 urteko lemazain bat.

Lee Joon-seok kapitainari bost kargu leporatzen dizkiote, tartean, arduragabekeriaz jokatzea eta itsas legeak haustea; eta alde egin edota frogak deuseztatu ditzakeen susmopean atxilotu dute.

Ontzia hondoratzen hasi zenean lema hirugarren ofizial baten esku utzi zuela eta jaso dituen kritika eta akusazioen aurrean, horren azalpena ere eman du Lee kapitainak. "Arrazoi pertsonalak tarteko, une batean gelara joan ", eta orduan hasi omen zela ontzia hondoratzen esan du, eta alkoholik edan ez zuela ziurtatu du.

Kapitainak, hala ere, ez du azaldu zergatik hondoratu zen ontzia. Horren inguruan, bi hipotesi daude, une honetan. Aditu batzuek uste dute ontziak bat-batean aldatu zuela norabidea, apurka-apurka joan beharrean, eta litekeena dela horrek ontzi barruan zeuden 180 ibilgailuak eta 1.157 tona karga alde baterantz mugitzea, ferrya irauli arte. Beste batzuen iritziz, beharbada ontziak arroka baten aurka talka egin zuen.

Dagoeneko 33 gorpu atera dituzte uretatik

Erreskate taldeko kideek ‘Sewol’ ferryan zihoazen lau bidaiariren gorpuak atera dituzte azken 24 orduetan, eta, beraz, 33 dira dagoeneko hildakoak, iturri ofizialen arabera. Azken datuen arabera, 174 lagun irten dira bizirik, eta 269 dira desagertuak.

Kostazainek azaldu dutenez, erreskate lanak ez dira errazak. Gorpuek salbamendu-jakak jantzita dituztenez, urpekariek arazoak dituzte ateratzeko. Horrez gain, olatu handiek, uraren indarrak eta ur azpiko ikusmen faltak, kanpoko euri eta haizearekin batera, zaildu egin dituzte lanak.

Ferryaren barrutik bizirik irteteko "aukera gutxi"

'Sewol' ontzitik jendea bizirik erreskatatzeko aukerak geroz eta urriagoak dira, izan ere, ontziaren kroskoa ia erabat hondoratu da.

Urpekariak 30 metrora hondoratuta eta iraulita dagoen ontzian sartu nahian dabiltza, baina oraingoz ez dute bere helburua lortu. Adituen iritziz, ontzi barruan aire-poltsaren bat badago, han daudenek 72 orduz iraun lezakete bizirik, baina dagoeneko epe hori pasatu da.

Lau garabi zain daude 'Sewol' ontzia goratzeko. Dena dela, oraingoz ez dira lanean hasi, arriskua baitago ontzia ateratzen saiatzean, barruan bizirik egon litezkeenak zauritu edota hiltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Seul