Mundua -
Nepal
3 xerpak desagertuta jarraitzen dute Everesteko elur-jausiaren ondoren
Elur-oldeak 13 xerparen heriotza eragin zuen, eta beste sei zauritu zituen. Azken zortzi urteetako elur-jausirik larriena izan da.
Erredakzioa
Gutxienez hiru xerpak desagertuta jarraitzen dute ostiralean Everest mendia igotzera zihoazela harrapatu zituen elur-jausiaren ondoren. Elur-oldeak 13 sherparen heriotza eragin zuen, eta beste sei zauritu zituen. Krishna Lamsal Turismo eta Abiazio Zibileko Ministerioko idazkari nagusiak azaldu duenez, sei zaurituak "egoera kritikoan" daude.
Erreskate taldeek beste gorpu bat erreskatatu dute gaur, eta dagoeneko hamahiru dira ostiraleko elur-jausiaren ondorioz hildakoak. Hilotza I. kanpalekutik gertu aurkitu dute, The Himalayan Times egunkari nepaldarrak Gobernuko iturriak aipatuz jakinarazi duenez. Dena den, oraindik ere 3 xerpak desagertuta jarraitzen dute.
Atzokoa azken zortzi urteotako elur-jausirik larriena izan da, 60 gidari baino gehiagok osatutako talde bat ezustean harrapatu zuen, 5.900 metro ingurura, The Himalayan Times egunkariak zabaldu duenez. Hildakoak bost eskalada konpainiak antolatutako zazpi espedizioetako kideak ziren.
Bien bitartean, Erreskate Taldeetako kideek desagertuen bila jarraitzen dute.
Bestalde, Nepaleko Gobernuak 40.000 errupia (480 euro inguru) emango dio hildakoen familia bakoitzari. Gainera, iragarri duenez, segurtasunean zenbait aditu eta mediku istripua jazotako lekura hurbildu dira erreskate operazioarekin bat egiteko.
Oraingoa, igoera denboraldiko elur-jausirik garrantzitsuena izan da. Ehunka eskalatzaile nepaldar eta atzerritar saiatzen dira Everesteko tontorrera heltzen, 8.850 metrora.