Mundua -
Hego Korea
Atera dituzte lehenengo gorpuak Hego Koreako ontzitik
58 hildako zenbatu dituzte orain arte. Ferrytik 18 gorpu atera dituzte, eta desagertuta dauden 244 lagunen bila jarraitzen dute.
Erredakzioa
18 gorpu atera dituzte urpekariek. Bitartean, Kostazaintzatik jakinarazi dutenez, desagertuta dauden 244 lagunen bila jarraituko dute.
560 urpekari txandaka ari dira 30 metrora hondoratuta dagoen itsasontzira jaisten. Guztira, ontzira jaisteko 5 ibilbide ireki dituzte, korronte indartsuek eragindako arriskuak saihesteko, Yonhap albiste agentziak adierazi duenez.
Gauerdian lortu zuten urpekariek lehen aldiz ontziaren barrura sartzea. Asteazkenean ferrya hondoratu zenetik, hiru egun eman dituzte urpean 30 metrora dagoen 'Sewol' ferryan sartzeko ahaleginetan.
Itxaropena galduta dute dagoeneko, eta ez dute uste ontzi barruan harrapatu geratu diren 250 bidaiarietako bat bera ere bizirik dagoenik. Adituen ustez, ferry barruan aire poltsaren bat geratu izan balitz, 72 orduz bizirik irauteko aukera izango zuten, baina epe hori amaituta dago.
Istripuaren unean 477 bidaiari zihoazen itsasontzian, tartean, Danwon institutuko 325 ikasle eta 14 irakasle. Horietatik, 78 ikaslek eta 2 irakaslek lortu zuten ezbeharretik bizirik irtetea. Itsasontzia asteartean irten zen Incheongo portutik, eta asteazkenean iristekoa zen Jeju uhartera. Aipaturiko ibilbidea astean bitan egiten zuen 'Sewol' ontziak.
40 minutu behar izan zuten ontzia ebakuatzen hasteko
Laguntza deia egin, eta 40 minutu geroago hasi zuen ebakuazioa ferryaren tripulazioak, Yonhap notizia-agentzia hegokorearrak jakinarazi duenez.
Biktimen senideak lur jota eta haserre daude. Gobernuari nahikoa ez egitea, erabaki okerrak hartzea eta gezurretan aritzea leporatzen diote. Ontzi barrutik atera dituzten aurreneko 19 gorpuak Jindoko portura eraman dituzte, eta tentsioa gero eta handiagoa da han bilduta dauden senideen artean.
Gaur eserialdia egin dute portuan bertan, eta martxa bat antolatzen saiatu dira Seuleko presidentearen etxeraino, baina Poliziak eragotzi egin die. Horrez gain, eraso ahalegin batzuk ere izan dira Gobernuko eta Kostazaintzako ordezkarien kontra.