Mundua -
Elur-jausia Everesten
Desagertuta dauden 3 xerpak bilatzeko lanak etenda, eguraldiagatik
Oraingoz 13 xerparen gorpuak atera dituzte.
Erredakzioa
Everesteko lur-jausiaren ondorioz desagertuta dauden 3 xerpak bilatzeko lanak eten dituzte igande honetan, larunbata eta igandea bitartean bota duen elurra tarteko, agintariek azaldu dutenez. Oraingoz, 13 xerparen gorpuak ateratzea lortu dute.
Galdutako xerpen gorpuak egon daitezkeen tokian elur geruza handia dago eta, beraz, zaila da gorpuak aurkitzea, Madhusudan Burlakoti Nepalgo Turismo Ministerioko bozeramaileak esanetan.
Kanpaleku nagusian dauden langileek azaldu dutenez, gorpuak 80 eta 100 metro bitarteko sakoneran egon daitezke. Kantipur Nepalgo egunkariaren esanetan, Everesten inoiz gertatu den ezbeharrik larriena da.
Elur-jausia ostiral goizean gertatu zen kanpaleku nagusiaren eta bigarren kanpalekuaren artean. Ostiralean 12 gorpu atera zituzten elurtzatik, eta hamahirugarrena larunbatean aurkitu zuten.