Mundua -
Krisia Ukrainan
Lavrov: 'Errusiarrei eraso egitea, Errusiari eraso egitea da'
"Eraso egiten badigute, erantzungo dugu, noski", ohartarazi du Errusiako Atzerri ministroak. Errusiako Armadak maniobrak egin ditu asteazken honetan, Rostoven.
Erredakzioa
Errusiako herritarrei egindako eraso bat Errusiari eraso egitea dela ohartarazi du gaur Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak RT telebistan. "Errusiarrei eraso egitea, Errusiari eraso egitea da", azpimarratu du.
"Eraso egiten badigute, erantzungo dugu, noski. Gure interes legitimoei, Errusiaren interesei zuzenean eraso egiten badiete, Hego Osetian gertatu bezala, nazioarteko zuzenbidea erabiliz erantzungo dugu, ez dut beste biderik ikusten", adierazi du diplomaziaren buruzagiak.
Maniobrak
Errusiako Armadak maniobrak egin ditu asteazken honetan, Rostoveko eskualdean, Ukrainako mugan (Errusiako hegoaldean), barrutiko bozeramaile militar batek jakinarazi duenez.
Ibilgailu militarrak (4 x 4 ibilgailuak), blindatuak, kohete jaurtigailu mugikorrak eta misilak jaurtitzeko ekipoak azaltzen dira Reuters albsite-agentziak igorritako irudietan. Konboia aerodromo militar batera heldu da.
AEBetako 150 bat soldaduk Swidwingo (Polonia) basean lur hartu dute gaur, datozen bi hilabeteetan maniobra militarretan parte hartzeko. Pentagonoak 600 soldadu bidaliko ditu Polonia, Lituania, Letonia eta Estoniara.
Errusiaren aldeko manifestariak Donetsken. Argazkia: EFE
Sviatogorsk, "askatua"
Sviatogorsk (Ukrainako ekialdea) "askatu" dutela ziurtatu du Ukrainako Barne Ministerioak. Terrorismoaren aurkako operazioaren emaitza dela azaldu du Kievek.
"Indar berezien operazioak hiria askatu du", adierazi du Ministerioak bere webgunean. Zauriturik izan ez dela baieztatu du Kievek agiri batean.
Aste Santuko su-etena bertan behera utzi zuen asteartean Ukrainako Gobernuak, eta terrorismoaren aurkako operazioa berriro martxan jarri zuen.