Mundua -
Iruzkina
Hotza, beroa, epela...
Gerra Hotzaren garaian, mundua bitan zatituta zegoen eta ezinezkoa zen aukerarik ez egitea.
Juanjo Sanmiguel
Ukrainako gatazka dela eta, komunikabideek behin baino gehiagotan aipatu dute Gerra Hotzaren garaietara itzul gintezkeela edo egun bizi dugun honek baduela antza garai hartan bizi izandakoarekin.
Gerra Hotza Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren arteko enfrentamendua izan zen, eta Munduko Bigarren Gerra amaitu zenean hasi eta 1991n Sobiet Batasuna erori arte iraun zuen. Garai hartan mundua bitan zatituta zegoen, eta ezinezkoa zirudien aukerarik ez egitea. Eta aukera erraza zen, batzuk (gureak) zintzoak ziren, egiaren jabe edo behintzat helburu egokien bila zebiltzan; besteak (aurkakoak) gaiztoak ziren, eta inoiz gauza onen bat egin arren, helburu makur eta okerrak zeuzkaten.
Munduaren azterketa, aukerak eta erabakiak aurreiritzi horretan oinarritutakoak ziren ia beti; bai gobernuenak, bai erakundeenak, baita gizabanakoarenak ere.
Baina orain Mundua aldatu egin zaigu. Fukuyamak uste zuen historia amaituko zela; sozialismoa erori ondoren, gaiztoak, oker zeudenak talde egokira etorriko zirela, ideologien arteko gatazka amaituko zela, eta herrialde guztiek merkatu ekonomia eta demokrazia aukeratu eta garatuko zutela.
Baina historia ez da inoiz hasi eta ez da inoiz amaituko, eta orain nahastu egin zaigu. 2001eko atentatuek, Afganistan eta Irakeko gerrek eta Georges Bushen gobernuaren okerrek kolokan jarri zuten Estatu Batuen lidertza; Barack Obamak badaki garai batzuk amaitu direla; Txinak eta Asiak oro har inoiz izan ez duten protagonismoa eta garrantzia hartu dute; talde armatu islamdarren indarkeriak oreka guztiak hautsi ditu lurralde eta herrialde askotan.
Globalizazioak, gero eta harrigarriagoak diruditen teknologiek eta gizakiak mugak hausteko eta gainditzeko beti izan duen joerak ustekabekoa ekarri digute.
Amaitu dira gatazka errazak, amaitu dira aukera garbiko konfliktoak, amaitu dira gureak eta besteak bereizteko zailtasunik ez zuten garaiak… Orain guztia nahasiagoa da, askoz gehiago kostatzen zaigu bereiztea zeintzuk ari diren zuzen jokatzen eta zeintzuk oker.
Horretarako baliabideak ere aldatu zaizkigu, gure ideiak, helburuak eta ametsak ez dira hain garbiak, zalantzak eta duda-mudak errazago sortzen zaizkigu, eta sarriago iruditzen zaigu hori ez litzatekeela horrela egin behar, agian; edo “gureek” agian ez dutela asmatu.
Vladimir Putinek denboraren tunel beltzetik ihes egin duen antzinako irudia dirudi, baina seguruenera inork baino garbiago erakusten digu zein atzean geratu den oraindik gertukoa iruditzen zaigun garai hori.