Mundua -
Hauteskunde orokorrak
Hauteslekuak itxi dituzte Hegoafrikan, jardunaldi lasai baten ostean
Jacob Zuma presidenteak zuzentzen duen Afrikako Kongresu Nazionala alderdia da faborito nagusia.
Hauteslekuak itxi dituzte Hegoafrikan. Apartheid erregimena bertan behera geratu zenetik bosgarren hauteskunde orokorrak dira. Botoa emateko jardunaldian lasaitasuna nagusi izan da, baina istiluak gertatu dira zona marjinal batzuetan.
Adiskidetasuna eta ilarak protagonistak izan dira botoa emateko jardunaldian. 22.000 hauteslekuen % 10ak atzerapenarekin zabaldu dute. 25 milioi hegoafrikarrek botoa emateko eskubidea zuten, biztanleriaren erdia gutxi gorabehera.
Springs eta Bekkersdal (Gauteng probintzia) zona marjinaletan liskarrak gertatu dira. Johannesburg probintzia horretan aurkitzen da eta herrialdeko motor ekonomikoa da.
Gazte talde batek hautesleku batzuei su eman diete. Marulengen (Limpopo iparraldeko probintzia) errepideak itxi dituzte bizilagunek, eta hauteslekuak atzerapenarekin zabaltzera behartu dituzte.
Hauteskundeak Hegoafrikan. Argazkia: EFE
Lehen liskarrak gauean gertatu dira Bekkersdaleko ghettoan, Johannesburg mendebaldean. Zerbitzu publikoen eskasiagatik protestan izan dira herritarrak azken egunotan, eta, soldaduak bertaratu arren, hauteskunde erroldaren hiru bulego erre dituzte.
100 atxilotu
Ia 100 pertsona atxilotu ditu Poliziak, baina istilu "bakanak" izan direla azaldu dute agintariek. Hauteskunde egunarekin pozik agertu dira buruzagiak.
Jacob Zuma presidenteak zuzentzen duen Afrikako Kongresu Nazionala alderdia da faborito nagusia. Halere, herritar askoren babesa galdu du, ustelkeria kasu batzuetan nahasi dutelako eta ezberdintasun sozialei aurre egiten aurre egiten jakin ez duelako.
Behin-behineko emaitzak asteartean jakitera emango dituzte.