Mundua -
Tentsioak gora egin du
Historiako meatze-istripu larrienak protestak eragin ditu Turkian
Somako ikatz-mean hildako meatzarien senitartekoek Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroari eraso egin diote. Supermerkatu batean babes hartu behar izan du Erdoganek.
Erredakzioa
Turkiako historiaren meatze-istripu larrienak gizartearen zatiketa areagotu du eta manifestazioak herrialde osoan zehar errepikatu dira. Gainera, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroari eraso egiten saiatu dira. Gutxienez 274 meatzari hil dira, baina kopuruak gora egingo du datozen orduetan.
Somako ikatz-mean hildako meatzarien senitartekoek Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroari eraso egin diote hirian.
Supermerkatu batean babes hartu behar izan du Erdoganek. Lehen ministroaren laguntzaileek ibilgailuari matrikula ofiziala kendu diote arazo gehiago saihesteko.
Meatzarien amorrua herrialdeko beste hirietan zabaldu da eta istiluak errepikatu dira Angoran (hiriburua), Istanbulen eta Esmirnan.
Soman, Manisa mendebaldeko probintziaren meatze-hirian, agintarien jarrerak haserrea piztu du.
Greba orokorra
Bestalde, Turkiako sindikatu nagusiek greba orokorra deitu dute ostegunerako. Era berean, hildakoei elkartasuna adierazteko eta Gobernuaren politika ekonomikoen aurka protestak deitu dituzte.
Bizirik geratu diren meatzariak aurkitzeko itxaropenik ia ez dago, eta hildakoak 300 baino gehiago izango direla ematen du, nahiz eta orain arte 274 baieztatu. Ehun bat meatzari harrapatuta daude oraindik mea-zulotik 3-4 kilometrora.
Europako laneko segurtasunaren tasarik okerrena du Turkiak; izan ere, batez beste egunero hiru langile hiltzen dira, eta meatze-istripuak arazo kronikoa dira. Kirikkaleko unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, meatzaritza herrialdeko sektore arriskutsuena da, metalurgiaren eta eraikuntzaren aurretik.