Mundua -
Indiako hauteskundeak
Kongresuko Alderdiak Indiako hauteskundeetako porrota onartu du
Lehendabiziko emaitzen arabera Bharatiya Janata Party (BJP) hinduistak gehiengo absolutua eskuratuko luke, 1984tik Indian alderdi batek lortzen ez duen emaitza.
Erredakzioa
Indiako gobernuan dagoen Kongresuko Alderdiak hauteskunde orokorretan izandako porrota onartu du. Komunikabide lokalek adierazi dutenez Narendra Modi hinduistaren Bharativa Janata Party (BJP) alderdiak gehiengo absolutua eskuratuko luke.
IANS agentzia lokalaren arabera "Herriaren agintea onartzen dugu eta ongi etorria ematen diogu. Gure porrota onartzen dugu", esan du Satyavrat Chaturvedi senatariak.
Chaturvedik bere alderdiak Indiak independentzia lortu zuenetik, duela 67 urte, 54 urtez herrialdea gidatu duela gogoratu du.
Hauteskunde Batzordeak jakitera eman duenez BJP alderdi hinduistak orain arte zenbatutako 527 distrituetatik 269tan irabazi du. Guztira distritu 543 daude eta 1984tik inork lortu ez duen gehiengo absolutua eskuratu dezake.
Nerhu-Gandhi dinastiaren Kongresuko Alderdiak 48 distritu eskuratuko lituzke, inoiz lortu duen emaitzarik txarrena.
Sinesgarritasun gutxi dituzten kaleko inkestek Modiri eta bere aliatuei eman diete garaipena eta Kongresuko Alderdiarentzat hauteskunde batzuetan lortutako emaitzarik txarrena aurreikusten zituzten.
Hauteskunde orokorrak bost astetan zehar ospatu dira eta parte-hartze errekor berria ezarri duten 551 milioi pertsonek eman dute botua, populazioaren % 66,3.