Mundua -
Ezbeharra
22 pertsona hil dira Laosen, hegazkin istripu batean
Laoseko Defentsa ministroa egon liteke hildakoen artean, hainbat hedabidek zabaldu dutenez. Xiang Kuang probintzian izan da ezbeharra.
Erredakzioa
Gutxienez 22 pertsona hil dira Laos iparraldean, gaur goizaldean, izan den hegazkin istripuan. Tailandiako hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, hildakoen artean Laoseko Gobernuko goi kargudunak egon litezke, tartean, Douangchae Phichit Defentsa ministroa.
Thongban Saengaphon Segurtasun Publikorako ministroa, Soukan Mahalat Vientianeko alkatea eta Chuang Sombounkhan Laoseko Alderdi Komunistako burua ere istripuan hil direla zabaldu da.
Oraingoz, Laoseko Gobernuak istripua izan dela baieztatu duen arren, hildakoen izen-abizenen berri ez du eman, ezta zenbat lagun hil diren ere. Xiang Kuang probintzian izan da ezbeharra, han 06:15 zirenean. Antza, hiru pertsona bizirik atera dira ezbeharretik, baina ez dago haien egoeraren berririk.
Antonov AN-74-300 hegazkin militarrak izan du ezbeharra. Goizean abiatu da Vientianetik Xiang Kuangera. Estatuko ordezkariak zihoazen bertan, ekitaldi militar batean parte hartzera.
Tailandiako Gobernuak Laosen duen ordezkaritzak ere, ohar baten bidez, istripua izan dela baieztatu du.
Istripua zergatik gertatu den argitzeko, ikerketa zabaldu du Laoseko Gobernuak. 1950etik, 30 hegazkin istripu jazo dira Laosen.
Iazko urrian 49 lagun hil ziren Laos hegoaldean, Lao Airlines konpainiako hegazkin batek izandako istripuan.