Mundua -
Lehen itzulia
Boza ematera deituta daude greziarrak, Europako hauteskundeen atarian
Eskualdeetako eta udaletako ordezkariak aukeratzeko lehen itzulia egingo dute gaur, azken urteetako aukera politiko zabalenarekin.
Erredakzioa
Grezian, eskualdeetako eta udaletako ordezkariak aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulia dute gaur, maiatzaren 25eko Europako hauteskundeen kanpainan murgilduta daudela. Tokiko hauteskundeen emaitzek Antonis Samaras lehen ministroaren gobernua kolokan jar dezakete.
Orotara, 13 eskualdetako eta 325 udaletako ordezkariak hautatu behar dituzte. Hautagaiek lehen itzulian gehiengorik lortu ezean, bigarren itzulia egin beharko dute datorren igandean, Europako hauteskundeen egun berean.
Inkesten arabera, ez da emaitza argirik espero; izan ere, faboritotzat jo dituzten hautagaiek ere ez omen dute bozen % 20 edo % 30etik gora lortuko.
Atenasen, Demokrazia Berria alderdiak Aris Spiliotopoules alde egin du; Ezker Erradikalaren Koalizioak (SYRIZA), berriz, Gabriil Skeladis du zerrendaburu. PASOKek eta Ezker Demokratikoa alderdiek Giorgios Kaminis egungo alkatearen alde egin dute.
Tesalonikan, Greziako bigarren hirian, Yiannis Boutarisek alkatetzari eustea espero du. Satvros Kalafatis Demokrazia Berriko hautagaiaren aurrean.
Hauteskundeen helburu handienetariko bat Atika eskualdean dago, Atenasen lurraldean. Bertan, Samarasen Demokrazia Berria alderdiak Giorgos Koumotsakos eurodiputatu ohia aurkeztu du hautagai. SYRIZAko Rena Dourou da bere aurkari nagusia.
Aukera politiko zabala
Asko dira hauteskunde hauetan ordezkaritza lortzeko aukera duten alderdiak, aurreko urteetan baino gehiago. Adibidez, Atenasen alkate izateko hamalau hautagai daude; 2010eko hauteskundeetan, berriz, zortzi izan ziren.