Mundua -
Enbargoa
Kubara bidaiatzea errazteko eskatu diote goi-kargudun ohiek Obamari
44 goi-kargudun ohik sinatu dute aurrekaririk ez duen gutuna. Washingtonen eta Habanaren arteko harremanak aldatzea nahi dute.
Erredakzioa
Kuba bisitatu nahi duten estatubatuar guztien bidaiak errazteko eta uharteko gizarte zibilari laguntza gehiago ematea eskatu dio goi-kargudun ohien talde batek Etxe Zuriari. Barack Obama presidenteari gutun bat bidali diote.
44 goi-kargudun ohik sinatu dute aurrekaririk ez duen gutuna. Washingtonen eta Habanaren arteko harremanak aldatzea nahi dute. Besteak beste, John Negroponte inteligentzia nazionaleko zuzendari ohiak (George W. Bushen garaian) eta James Stavridis NATOko komandante ohiak gutuna sinatu dute.
Segurtasun eta gai humanitarioen inguruan Kubako Gobernuarekin "eztabaida serioak" izateko konpromisoa hartzeko eskatu diote Etxe Zuriari. Gerra Hotzetik AEBek Kubarekiko duten politika zorrotza aldatzeko eskatu diote Obamaren Gobernuari azkenaldian.
Zigorrak arintzea
Iragan otsaileko inkesta batean, estatubatuarren gehiengoa Kubaren aurkako zigorrak arintzearen alde azaldu ziren. Kubaren kontrako zigorrek 50 urte eman dituzte indarrean.
Uharteari ezarritako enbargoak 52 urte daramatza indarrean, baina goi-kargudun ohiek ez dute bertan behera uztea eskatu. Kongresuaren onarpena behar ez duten neurriak soilik zerrendatzen ditu agiriak.