Mundua -
Washington
Txinako 5 soldadu auzitara eramango dituzte AEBek, espioitza egotzita
Bestalde, segurtasun zibernetikoaren arloan Amerikako Estatu Batuekin elkarrizketa bertan behera utziko duela iragarri du Txinako Gobernuak.
Erredakzioa
Txinako Armadako bost soldadu auzitara eramango ditu AEBetako Justizia Departamentuak, konpainia estatubatuarrei merkataritza sekretuak lapurtzea leporatuta. Washingtonek Txinako funtzionarioei formalki espioitza egotzi dien aurreneko aldia izan da.
"Txinako Gobernuak aspalditik ziberespioitza erabili du bere enpresentzako abantailak lortzeko, agerikoa da", salatu du James Comey FBIko zuzendariak.
Merkataritza espioitza ustez AEBetako sei enpresen aurka erabili du Txinak. Besteak beste, Westinghouse Electric, SolarWorld AG, U.S. Steel, Allegheny Technologies eta Alcoa zelatatu dituzte.
AEBetako funtzionarioen hitzetan, Txinako Gobernuko bost langile auzitara eramango dituzte, "Inteligentzia militarreko instalazioak erabili dituztelako konpainia estatubatuarren aurkako ziberespioitza egiteko".
Txinak, elkarrizketa bertan behera
Bestalde, segurtasun zibernetikoaren arloan Amerikako Estatu Batuekin elkarrizketa bertan behera utziko duela iragarri du Txinako Gobernuak.
"AEBen zintzotasun falta ikusita, Lantalde Zibernetikoa bertan behera uztea erabaki du Txinak", iragarri du Qin Gang Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak agiri batean.