Mundua -
Thailandia
Militarrek estatu kolpea eman dute Thailandian
Prayuth Chan Ocha Tailandiako Armadako burua izango da herrialdeko bitarteko lehen ministroa, estatu kolpearen ostean, Gobernu berri bat izendatu arte
Erredakzioa
Thailandiako Armadak estatu kolpea eman du ostegun honetan, Gerra Legea ezarri eta bi egunera. Duela 8 hilabetetik hona krisi politikoan murgilduta dago Thailandia eta Gobernuaren kontrako protestak ugariak izan dira tarte horretan.
"Legearen eta ordenaren intereserako, boterea gure gain hartzen dugu. Mesedez, lasai egon eta jarrai ezazue zuen eguneroko zereginekin", adierazi du Prayuth Chan-Ochak Thailandiako Armadako buruzagiak telebistaz emandako iragarpenean.
Herrialdeko buruzagi militar gorenak azaldu duenez, estatu kolpearen helburuak hildako gehiago eragoztea eta Gobernuaren aldekoen eta kontrakoen arteko enfrentamenduak geldiaraztea dira.
Aurpegikera gogorra zuten beste arduradun militarrez inguratuta egin du iragarpena Prayuth Chan-Ocha Thailandiako Armadako buruzagiak. Iragarpena Gobernuaren, oposizioaren eta manifestarien ordezkarien arteko bigarren bilera akordiorik gabe amaitu ostean etorri da.
Emaitzarik gabe bi orduz negoziatzen egon ondoren, Thailandiako Armadako buruzagiak bertan behera utzi du bilera eta militarrek beraiekin eraman dituzte bertan bildutakoak, Senatuko eta Hauteskunde Batzordeko ordezkariak salbu.
Atxikita dituzten pertsonen artean daude Chaikasem Nitisiri orain arteko Justizia ministroa, alderdi politiko nagusietako ordezkariak, eta Gobernuaren aldeko eta kontrako manifestarien ordezkariak, besteak beste. Niwattumrong Boonsongpaisan gaur arte lehen ministro zena leku ezezagun batean dago.
Estatu kolpearen ondoren militarrek hartu dituzten neurriak
Thailandiako Armadak etxeratze agindua ezarri du herrialde osoan 22:00etatik 05:00etara bitartean. Dena den, etxeratze agindua indarrean egongo da beste abisurik ezean, Prayuth jeneralak iragarri duenez. Halaber, Gerra Legea ezarri dute berriz, izan ere, asteartean ezarritako legea ez dauka orain baliorik.
Militarrek Konstituzioa baliogabetu dute, hain zuzen ere, militarrek idatzi zuten Konstituzioa 2007an Thaksin Shinawatra Gobernutik kendu eta urtebetera.
Halaber, batzar publikoak debekatu dituzte eta zentsura nazioarteko hedabideetara zabaldu dute. Buruzagi militar batek bertako hedabide batean iragarri duen, bost pertsona baino gehiagoko bilkurak debekatuta daude eta BBC eta CNN nazioarteko hedabideen emisioak eten dituzte.
Bestalde, soldaduek orain arteko Gobernuaren aldekoen ("alkandora gorridunak") kanpamentuak eta Gobernuaren kontrako manifestarien kanpamentuak desegin dituzte.
Asteartean Gerra Legea ezarri ondoren, Armadak bitartekari rola hartu zuen bere gain indarkeria oldea eragiteko.
Azken hilabeteotan 28 pertsona hil eta ehunka zauritu dira Tailandian izandako enfrentamenduetan. Gobernuaren kontrakoek sistema politiko "ustela" aldatzea, eta hautetsiak ez direnekin kontseilu bat osatzea eskatzen dute aldaketak egiteko, eta ondoren hauteskundeak deitzeko.
Thailandia krisi politiko sakonean murgilduta dago 2006az geroztik. Orduan, beste estatu kolpe batek kargutik kendu zuen Thaksin Shinawatra lehen ministroa. Thaksinen jarraitzaileek beren protestak Bangkokera eramatearekin mehatxu egin zuten, baldin eta Armadak agintea hartu eta Gobernua kentzen bazuten.
Armadako burua, bitarteko lehen ministro
Prayuth Chan Ocha Tailandiako Armadako burua izango da herrialdeko bitarteko lehen ministroa, estatu kolpearen ostean, Gobernu berri bat izendatu arte, "The Nation" egunkariak jakitera eman duenez.
Bakea eta Ordena Mantentzeko Batzorde Nazionalak iragarri du neurri hori. Izen hori eman diote militarrek herrialdea orain zuzenduko duen taldeari. Ezegonkortasun hilabeteak eta gero erreforma politikoak gauzatzea izango dute helburu.
NBEk oinarrizko Giza Eskubideak errespetatzea eskatu du
Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoak Thailandiako estatu kolpeagatik kezka sakona erakutsi du, eta gerra legearen eta ordena militarren inposaketak oinarrizko askatasunak hautsi ditzaketela adierazi du.
Besteak beste, adierazpen eta biltzeko askatasuna oinarrizko eskubideak arriskuan daude, baita atxiloketa babesteko bermea ere, Bulegoaren arabera.
Nazioarteko komunitatearen kritikak
John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Tailandiara demokrazia lehenbailehen itzultzea eskatu du, estatu kolpe militarraren ostean, eta giza eskubideak eta askatasun zibila errespetatzearen alde egin du.
Bestalde, François Hollande Frantziako presidentea estatu kolpea gaitzetsi du, eta "berehala" orden konstituzionala itzultzea eskatu du.