Mundua -
Bidaia ofiziala
Jerusalem 'bakearen hiria' izatea eskatu du aita santuak
Frantzisko aita santuarentzat Ekialde Hurbileko "bakearen ardatz" da Simon Peres Israelgo presidentea.
Erredakzioa
Frantzisko aita santuak Jerusalem "bakearen hiria" izateko eskatu du, hiri irekia izan dadila pertsona guztientzat, edonoiz bisitatu ahal izateko.
Simon Peres Israelgo presidentearen aldamenean eman du hitzaldia aita santuak, eta agintari judutarra "bakearen ardatz" dela azpimarratu du.
Jerusalemen balioari eskaini dio aita santuak hitzaldiaren zati handi bat: "Leku santuak ez dira turistentzako museoak edo monumentuak, baizik eta fededunen komunitateek fedea, kultura eta karitate ekintzak egiteko lekuak. Hori dela eta, betirako gorde behar da horien izaera sakratua, eta iraganeko ondareaz gain, gaurko bisitariak eta etorkizunekoak zaindu behar dira".
Franciscok esan du "gizon justu eta on" baten etxean sartu dela Peresen etxean sartzean, eta Israelgo presidentearekiko mirespena agertzeaz gain, bakearen inguruko nahi eta ikuspegi berbera dutela azpimarratu du.
"Bakearen eraikuntzak askatasunarekiko eta duintasunarekiko errespetua exigitzen du; judutarrek, kristauek eta musulmanek Jainkoak sortua eta bizitza eternora bideratua dela pentsatzen baitute", gaineratu du.
Horren harira, aita santuak gogor salatu du "antisemitismoa, bere itxura guztietan, baina baita judutarren, kristauen eta musulmanen kontrako intolerantzia adierazpen guztiak ere".
Frantzisko aita santua Jerusalemeko alde zaharrera joan da Erosten harresira, juduen lekurik sakratuenera, meskiten zabalgunean, Islamaren hirugarren lekurik sakratuenean, egon ostean.