Mundua -
Hedatze militarra
AEBk 9.800 soldadu mantenduko dituzte Afganistanen
Abenduan nazioarteko misioa bukatu arren, 9.800 soldadu mantentzea erabaki du Obamak, betiere Kabulekin aldebiko akordioa sinatzen baldin bada.
Erredakzioa
9.800 soldadu Afganistanen mantentzea erabaki du Barack Obama AEBko presidenteak, Ameriketako Estatu Batuetako goi-kargudun batek gaur azaldu duenez. Abenduan nazioarteko misioa bukatu arren, soldaduak mantentzea erabaki du Obamak, betiere Kabulekin aldebiko akordioa sinatzen baldin bada.
Soldaduen kopurua murrizten joango dira 2016ra arte, segurtasun operazioak eta lan diplomatikoa egiten jarraitzeko. NATOko kideek ere soldaduen kopurua murriztuko dute.
"2014 bukatuta, Afganistanen bi misio mantentzeko prest gaude, Afganistango indarrak trebatzeko eta Al Kaidaren aurkako operazioei laguntza emateko", azaldu du AEBko presidenteak.
Hala ere, Aldebiko Akordio Estrategikoa (BSA) sinatzeko baldintza jarri dute AEBk. 2015era arte sinatuko ez dutela onartu du Etxe Zuriak.
Karzairen oposizioa
Hamid Karzai Afganistango presidentea akordioa sinatzearen aurka agertu da beti, eta horrek soldaduen kopurua mugatzeko erabakia atzeratu du, abenduan NATOko Segurtasun misioa (ISAF) amaitu ostean.
Hala ere, Afganistango presidenterako hauteskundeen lehen itzulia egin eta gero, akordioa sinatzea hurbilago ikusten du Washingtonek. Abdula Abdula kantziler ohiak eta Ashraf Gani Ahamdza Ekonomia ministro ohiak garaipena lortu zuten lehen itzulian.