Mundua -

Heriotza

Maya Angelou hil da, olerkari eta ekintzaile zibil estatubatuarra

1960eko hamarkadan AEBko eskubide zibilen aldeko mugimenduan parte hartu zuen, Malcom Xekin eta Martin Luther Kingekin batera. Halaber, dantzaria, abeslaria, aktorea eta zine zuzendaria ere izan zen.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Angelou olerkari eta ekintzaile zibil estatubatuarra hil da asteazken honetan, 86 urterekin, Ipar Karolinako haren etxean. Halaber, dantzari, abeslari, aktore eta zine zuzendari gisa ere lan egin zuen. Are gehiago, Hollywoodeko lehen zine zuzendari beltza izan zen.

1960eko hamarkadan eskubide zibilen aldeko mugimenduan parte hartu zuen, eta ondoz ondo lan egin zuen Malcom X eta Martin Luther King buruzagiekin.

I Know Why the Caged Bird Sing autobiografia entzutetsuan haurtzaroan jasandako sexu erasoak kontatu zituen.

San Frantziskon urte batzuk igaro ondoren, kazetari gisa lan egin zuen Afrikan, Egipton eta Ghanan esaterako. The Arab Observer egunkariko editorea izan zen eta geroago, Accrako Unibertsitatean eskolak eman zituen.

Izandako ibilbidea tarteko, hiru Grammy irabazi zituen eta beste hainbat saritarako izendapenak jaso zituen: literaturako Pulitzer saria, antzerkiko Tony Saria, eta telebistako Emmy Saria.

Bill Clintonek presidente kargua hartu zuen ekitaldian parte hartzeko gonbidatu zuten eta "On The Pulse of Morning" bere poema irakurri zuen. 1982tik aurrera eskolak ematen hasi zen Ipar Karolinako Wake Forest unibertsitatean.

2011n Barack Obama AEBko presidenteak Askatasunaren Domina eman zion, AEBko sari zibil garrantzitsuena, bere ibilbidea aitortzeko keinu gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea