Mundua -
Liskarrak Turkian
100 lagun atxilotu dituzte Taksim plazako protesten urteurrenean
Dozenaka pertsona zauritu dira Turkiako istilu larrietan. Poliziak negar eragiteko gasak eta ur-kanoiak erabili ditu manifestazioak desegiteko.
Erredakzioa
Gutxienez 100 pertsona atxilotu dituzte Turkiako liskar larrietan. Gainera, dozenaka lagun zauritu dira istiluetan. Taksim plazako protesten urteurrena dela eta, manifestazioak egin dituzte Turkiako hainbat hiritan. Poliziak negar eragiteko gasak eta ur-kanoiak erabili ditu manifestazioak desegiteko.
Manifestari ugari bildu dira protestetan, Taksim plazako manifestazioen urteurrenean. Orain urtebete, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren Gobernuaren aurkako protestetan, hildakoak eta zauritu ugari izan ziren Istanbuleko plaza horretan.
Taksim plazan eta Istanbuleko beste zona batzuetan protestarik baimenduko ez zutela ohartarazi zuten agintariek. Horrela, segurtasun indarren operazioa abiatu dute Turkiako buruzagiek. 25.000 polizia, 50 bat ur-kanoi eta helikopteroak zabaldu dituzte.
Barrikada
Hala ere, manifestari ugari bildu dira Istanbulen eta herrialdeko beste hiri batzuetan. Manifestariek polizien aurka petardoak eta beste objektu batzuk jaurti dituzte. Era berean, barrikadak eraiki eta zabor edukiontziei su eman diete Istanbuleko kaleetan.
Turkiako Giza Eskubideen Elkarteak (IDH) jakitera eman duenez, 76 atxilotu izan dira, baina agintariek ez dute kopurua baieztatu.
IDHren arabera, 11 zauritu izan dira. Bertako komunikabideek, ostera, Angoran bederatzi manifestari zauritu dituztela azaldu dute. Hiru polizia zauritu direla erantsi dute.