Mundua -
Siriako krisia
Lehen aldiz, hainbat hautagai Siriako hauteskundeetan
Baxar al-Asad da faborito nagusia oposizioak iruzurtzat jo duen bozketan.
Erredakzioa
Gaur goizean ireki dituzte ateak Siriako hauteslekuek. Gerrak goitik behera markatu dituen hauteskundeetan Baxar al-Asad egungo presidentea da bere postua eskuratzeko faborito nagusia.
Atzerrian bizi diren Siriako biztanleek joan den astean egin zuten bozketa, eta gaur egun osoan zehar egingo dute gainerako siriarrek. Al-Asad boterean dagoenetik hainbat hautagai dituen lehen hauteskundeak izango dira.
Hasiera batean 24 hautagaik aurkeztu zuten bere hautagaitza, baina Siriako Auzitegi Konstituzionalak horietako hiruri eman zien hauteskundeetan parte hartzeko baimena: Al-Asad, Maher Abdul Hafiz Hajjar diputatua eta Hasan Abdula al Nuri.
Hajjar eta Al Nuri ezezagunak dira herritarrentzat. Gobernuaren politikei babesa eskaini diete bi hautagai hauek, nahiz eta krisiaren kudeaketa eta egoera ekonomikoa gogor kritikatu dituzten.
Guztira 16 milioi siriar daude botoa ematera deituta. 9.601 hautestontzi jarri dituzte; horietako 1.563, Damaskon.
Baxar al Asadek Siriako hiriburuko Al Malaki auzoan dagoen Martir Naim Muasiri eskolan eman du botoa Asmaa bere emaztearekin batera.
Hainbat misil erori dira Damasko erdialdean
Gobernuak segurtasun-neurriak areagotu baditu ere, Damasko erdialdean hainbat misil erori direla jakinarazi du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Oraindik ez dute jakitera eman biktimarik egon den.