Mundua -
48 hildako Mpeketonin
Kenyako eraso terrorista bere gain hartu du Al Shabab miliziak
Dagoeneko 48 hildako zenbatu ditu Gurutze Gorriak. Bart, 50 gizon armatuk hiriko bi hotel, banketxe bat eta polizia-etxe baten kontrako erasoa egin dute, Poliziaren arabera.
Erredakzioa
Igandean, Mpeketonin, egindako eraso terrorista bere gain hartu du gaur Al Shabab milizia erradikal islamiarrak. Gutxienez 48 pertsona hil zituzten Kenyako ipar-ekialdeko kostaldetik 40 bat kilometrora dagoen herrian.
Shiekh Mustafa Abu Muscab milizia erradikalaren bozeramaileak agiri batean azaldu duenez, atentatua mendekua izan da. Azken bi urteetan, Mombasan, hil dituzten kleriko musulmanak mendekatzeko erasoa izan dela erantsi du.
"Hildakoen kopurua 48ra igo da", esan du Gurutze Gorriak Twiterren duen kontu ofizialean. Erakundea bertan da erasootan "kiskalitako etxeak, ibilgailuak, hotelak eta jatetxeak" zenbatzen eta eragindako kalteak neurtzen.
50 gizon armatu
Bart, 50 gizon armatuk, besteak beste, hiriko bi hotel, banketxe bat eta polizia-etxe baten kontrako erasoa egin dute, David Kimaivo Poliziako inspektore nagusiaren arabera.
Bertoko hedabideek lekukoen hitzak aipatuta zabaldu dutenez, erasoaldia bertan 20:00ak zirenean (19:00ak, EAEn) hasi zen, eta lau orduz jardun ziren. Tarte horietan erasotzaileek hiritar asko bahituta izan zituzten.
Afrikako herrialdeak iazko irailetik jasandako atentaturik latzena da oraingoa. Aurrekoan, 67 pertsona hil ziren Al Shababek egindako atentatu batean, Nairobiko Westgate merkataritza zentroan.