Mundua -

Zisjordania

Abasen lankidetza eskatu du Netanyahuk, bahitutako gazteak aurkitzeko

Israelgo lehen ministroaren aburuz, Hamasekin egindako akordioa "txarra da Israelentzat, palestinarrentzat eta eskualdearentzat". Abasek hiru gazte israeldarren bahiketa gaitzetsi du.

Israelgo indarrek ehun palestinarretik gora atxilotu dituzte. EFE
Israelgo indarrek ehun palestinarretik gora atxilotu dituzte. EFE
Israelgo indarrek ehun palestinarretik gora atxilotu dituzte. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin hitz egin du gaur, eta ostegunean Zisjordanian bahitutako hiru gazte israeldarrak aurkitzeko lankidetzan aritzeko eskatu dio.

"Bahitutako gazteak etxera ekartzen eta bahitzaileak harrapatzen lagunduko digula espero dut", adierazi du Netanyahuk, Israelgo Gobernuaren arabera. "Hamaseko bahitzaileak Palestinako Aginte Nazionalaren menpeko zonalde batekoak dira, eta Aginte Nazionalaren menpeko lurralde batera bueltatu dira", azaldu du presidente israeldarrak, Haaretz egunkariaren arabera.

"Garrantzitsua da Hamasekin egindako akordioaren ondorioak ulertzea: txarra da Israelentzat, txarra da palestinarrentzat eta txarra da erregioarentzat", azpimarratu du Netanyahuk. "Gertakari honek agerian uzten du aurrean zer-nolako terrorismoa dugun", gehitu du.

Israelgo lehen ministroak adierazi duenez, terroristek "Israelgo haur errugabeak" bahitu dituzte, Israelgo agintariek bertako ospitaleetan haur "palestinarrak" zaintzen dituzten bitartean. "Hor ikusten da gure politika humanitarioaren eta erasotzen gaituen terrore hiltzailearen arteko aldea".

Abasek eta Netanyahuk urtebetean izan duten lehen harreman zuzena izan da gaurkoa. Apirilean, Palestinako Aginte Nazionaleko buruak batasun nazionalerako gobernua osatzeko akordioa sinatu zuen Hamasekin.

Abasek bahiketa gaitzetsi du

Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko buruak hiru gazte israeldarren bahiketa gaitzetsi du adierazpen batean. "Bi alderdiek indarkeria utzi behar dute", azaldu du.

Bahiketari erantzunez egindako operazioan, Israelgo indarrek ehun palestinar baino gehiago atxilotu dituzte, tartean, Bassem al Zaarir, Azzam Salhab, Samir al Qadi eta Maher al Jarraz Hamaseko agintariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Bahiketak argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Israel Palestina albisteak Ekialde Hurbila gaur