Mundua -
Gatazka Iraken
Atzerri ministro britainiarra Bagdaden da, bisita sorpresa batean
William Haguek "babes diplomatikoa eta humanitarioa eta terrorismoaren aurka borrokatzeko laguntza" eskainiko dituela esan du. Frantziak eta AEBk batasuneko gobernua osatzeko premia nabarmendu dute.
Erredakzioa
William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroa Bagdadera iritsi da gaur, bisita sorpresa batean, Irakeko agintariekin bertako gatazkaren inguruan aritzeko, Irakeko Atzerri Ministerioaren iturrien arabera.
Haguek adierazpen batean azaldu duenez, Iraken lehentasuna "Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa gelditzeko eta herritar guztiak babesteko gai den Gobernu bat sortzea" da.
Horixe izango da ministro britainiarrak Nuri al Maliki lehen ministroarekin, Masud Barzani Kurdistango presidentearekin eta beste politikari batzuekin egingo dituen bileretan mintzagaietako bat.
Gainera, Haguek "babes diplomatikoa eta humanitarioa eta terrorismoaren aurka borrokatzeko laguntza" eskainiko dituela esan du. Erresuma Batuak Irakera 5 milioi liberako (8,5 milioi dolar inguru) diru-laguntza bidali duela azpimarratu du.
Haguek bezala, John Kerry AEBko Estatu idazkariak ere Bagdadera bidaiatu zuen bi egun lehenago, eta irakiarrei matxino sunniten aurrerapenak gelditzen lagunduko ziela hitz eman zuen.
Batasuneko gobernua eratzeko premia azpimarratu dute Frantziak eta AEBk
Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak eta John Kerry AEBko Estatu idazkariak Iraken batasuneko gobernua eratzearen garrantzia eta beharra azpimarratu dute, matxinoei aurre egin ahal izateko.
Fabiusek oso larritzat jo du Irakeko egoera, eta Frantziak eta AEBk matxinoen erasoak "zorroztasun osoz" kondenatzen dituztela adierazi du. Batasuneko gobernua ahalik eta azkarren eratu behar dela azaldu du ministro frantsesak.
Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa taldeko jihadistek gidatzen dituzten matxinoen aurrerakadak krisi "oso-oso larria" eragin du, Fabiusen ustez. "Iraken batasuna ez ezik, lurralde osoan gertatzen dena jartzen du kolokan, batez ere Sirian eta Jordanian", esan du.
Kerry Frantziako Atzerri Ministerioan bildu zen Fabiusekin, eta, agintari frantsesak bezala, Irakeko herritarren sektore guztien parte-hartzearekin, batasuneko gobernua "ahalik eta azkarren" osatzearen alde egin du.