Mundua -
Krisia Ukrainan
Hego-ekialdean 1.000 lagun hil direla adierazi dute errusiazaleek
Era beran, Ukrainako tropek izan dituzten bajen berri eman du Petro Poroxenko presidenteak. "150 hildako eta 174 bahitu zenbatu ditugu orain arte", esan du.
Erredakzioa
Gutxi gorabehera mila pertsona, matxino errusiazale eta zibilen artean, hil dira eskualdean ekintza militarrak duela bi hilabete hasi zirenetik, Ukrainako hego-ekialdean, Andrei Purguin buruzagi matxinoak gaur jakitera eman duenez.
"Donbass meatze-eskualdean 1.000 hildako izan dira", deitoratu du Donetsk herri errepublikako lehen ministrordeak.
Asko hil eta Slaviansk hirian eta inguruetan lurra eman diete. Slaviansk matxinada errusiazalearen ikur eta gotorlekua bilakatu da, istiluak apirilean hasi zirenetik.
Gutxienez 100 bat lagun, gehienak milizianoak, Donetskeko aireportuan izandako borroketan hil zituzten.
"Donetskeko aireportuaren hondakinen azpian 35 gorpu daude oraindik", salatu du buruzagi errusiazaleak.
Petro Poroxenko Ukrainako presidentea Estrasburgon. Argazkia: EFE
150 hildako Ukrainako tropetan
Era beran, Donetsk eta Lugansk eskualde matxinoen kontrola berreskuratzeko operazioa abiatu zutenetik Ukrainako tropek izan dituzten bajen berri eman du Petro Poroxenko presidenteak.
"150 hildako, 300 zauritu baino gehiago eta 174 bahitu zenbatu ditugu orain arte", esan du Poroxenko Estrasburgon.
Gainera, separatistek 18 soldadu hil dituztela salatu du Ukrainako buruzagiak; izan ere, iragan ostiraletik aldebakarreko su-etena indarrean dago.
Hala ere, bi aldeen arteko borrokatxoek ez dute etenik izan, nahiz eta su-etena indarrean egon.