Mundua -

Goi bilerak

Ukraina, Moldavia eta Georgiarekin merkataritza akordioa sinatu du EBk

Petro Poroshenko presidente ukrainarrak adierazi duenez, akordio horrekin, "etorkizunean EBra batzearen alde dagoela azpimarratu nahi du Ukrainak".

Petro Poroshenko presidente ukrainarra, EBren bileran. EFE
Petro Poroshenko
Petro Poroshenko presidente ukrainarra, EBren bileran. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Estatu eta Gobernu buruek elkarketa eta merkataritza askerako akordioak sinatu dituzte gaur Georgiarekin eta Moldaviarekin, eta antzeko akordio baten zati ekonomikoa adostu dute Ukrainarekin, xehetasun politikoak martxotik zehaztuta baitzeuden kasu horretan.

EBk Europa Ekialdeko sei kideri eskaini die akordioa, Europako merkatuarekin politikoki eta ekonomikoki elkartuz, erreforma demokratiko eta ekonomikoekin bloke europarrera gerturatu asmoz. Horrek, baina, ondoeza sortu du Errusian, Ukrainaren akordioak, bereziki.

Viktor Yanukovich Ukrainako presidente ohiak, Moskuren ustezko presioak medio, azaroan akordioa baztertu izanak herritarren protestak eragin zituen, eta Gobernuari erabakia aldatzeko eta Europara gerturatzeko eskatu zioten; azkenean, Gobernua suntsitzea lortu zuten.

Akordioek ez dute Europar Batasunera batuko direla esan nahi zehazki, baina hiru herrialdeetako buruek akordioak sinatzean argi utzi nahi izan dute EBn eskubide osoko kide bezala sartu nahi dutela.

"Europar Batasunarekin akordio hau sinatuta, Ukrainak azpimarratu nahi du etorkizunean EBra batzearen alde dagoela", adierazi du Petro Poroshenko presidente ukrainarrak, eta gaur lortutako adostasuna herrialdeak "helburu hori lortzeko erreminta" dela esan du.

Poroshenkok europarrei eskatu die "Ukraina prest dagoenean, sartuko dela" esateko. "Hori aitortzea ez zaio ezer kostatzen EBri, eta guztia aldatu lezake nire herrialdean", azpimarratu du.

Agintariak esan duenez, Sobiet Batasunetik independentzia lortu zuenetik, gaurkoa da "Ukrainarentzat egunik garrantzitsuena", eta akordioak "gauzak denbora gutxian goitik behera" aldatu daitezkeela erakusten duela esan du, "jendearen borondatea nahikoa indartsua bada". Azaroan Vilnan akordioa sinatu ez zen arren, "boligrafoa berdina" dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Batasun europarra Ukraina albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Merkataritza albisteak gaur