Mundua -
Irakeko gatazka
22 soldadu eta polizia hil dira Bagdad hegoaldeko erasoetan
Irakeko Armadak matxinatuei Tikriten kontrola kentzeko batu ditu indarrak. Bestalde, alderdi politiko irakiarrek Al Maliki boteretik kentzeko negoziazioak hasi dituzte.
Erredakzioa
Gutxienez 22 polizia eta soldadu irakiar hil eta 25 zauritu dira gaur Bagdad hegoaldean, ISISeko jihadisten aurkako erasoetan, iturri polizialen arabera.
Hamarka terrorista hil dira eraso horietan, Babel probintziako Hila hiriburutik 50 kilometro iparraldera dagoen Yarf Asajr aldean.
Gainera, Irakeko Armadak jihadisten ibilgailuetan kalte materialak eragin ditu, eta haien armak eta ekipamenduak hartu ditu.
ISIS buru duten mugimendu matxinatuen aurrerapenak krisi larria sorrarazi du Iraken. Ekainaren 10ean, Mosul hartu zuen menpean, herrialdeko bigarren hiria, eta handik iparraldera eta erdialdera egin dute aurrera.
Irakeko Armadak matxinatuei Tikriten kontrola kentzeko batu ditu indarrak. Bagdadetik 170 iparraldera dago Tikrit, eta bertan jaio zen Sadam Hussein diktadorea.
Alderdiek Al Malikiren irteera negoziatu dute
Irakeko alderdi politikoek negoziazioei ekin diete, Nuri al Maliki lehen ministroaren Gobernua boteretik kentzeko asmoz.
Alderdi politikoek eta munduko agintariek jakinarazi dutenez, segurtasun indarrek matxinatuek kontrolatutako hiriak berreskuratu eta komunitate guztiak batzen dituen Gobernua osatzen ez bada, fakzio sektarioetan sakabanatu eta Ekialde Hurbil osoa mehatxatu dezake Irakek.
Larunbat honetan, Estatu Batuetako funtzionario batek baieztatu du Abdula errege saudiak John Kerry AEBko Estatu idazkariari adierazi diola Gobernu berria osatzeko deia egin diela musulman sunnitei, matxinatu islamiarren erasoei ahalik eta ongien aurre egiteko koalizioa osatzeko.
Sunnita irakiarrek euren komunitateak baztertzea eta zapaltzea leporatu diote Al Malikiri, eta horrek eragin duela tribuek ISIS babestu izana. Kurdistan erregioko presidenteak ere Malikik boterea utzi beharko lukeela adierazi du.